Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Anaitasuna Mendi Bazkunak zeharkaldiko eskia egiteko irteera bat prestatu du asteburu honetarako. Pirinioetara joango dira, eta hasiberrientzako eta zaletuentzako ibilbide desberdinak eskainiko dituzte; hasiberriek, esaterako, Astun-Col de Monjes-Pico Astun eta Astun egingo dute larunbatean, eta hurrengo egunean Candanchu-Tuca Blanca-Candanchu ibilbidea izango dute. Zaletuek, berriz, larunbatean Astun-Col de Monjes-Casterau-Paradis-Astun egingo dute, eta igandean Forges de Abel-Pic d’Acue-Forges de Abel egingo dute.
Asteburupasa joateko izena emateko epea gaur amaituko da, eta horretarako Azkoitiko Etxeza haragitegira edo Lopetegi iturgintzara joan behar da. Bazkideek 50 euro ordainduko dute, eta gainontzekoek 60 euro. Prezio horren barruan daude bidaia, afaria, lo egiteko tokia eta gosaria.
Larunbatean 06:00etan abiatuko dira Azkoitiko liburutegi aurretik. Elkarteak adierazi duenez, irteerara joaten diren hasiberriek gutxienez pista gorriak jaisteko gai izan behar dute. Era berean, zaletuei gomendatu diete pala, sonda, pioleta eta granpoiak eraman ditzaten. Materiala alokatu ahal izango da, eguneko 20 eurotan. Eskiatzaileak federatuta egon daitezen gomendatu du Anaitasunak.