Urola Erdira zabaldu dute BOZI zerbitzua, bizitza osoko hezkuntza bitartekaritza

Olatz Prat 2014ko otsailaren 19a

Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzako (BOZI) zerbitzua eskualde osora zabaldu dute. Kostaldeko herrietan jada martxan zegoena Urola Erdiko herrietara ekarri dute. Hala, eskualdeko edonork erabili ahal izango du zerbitzu hau hemendik aurrera. Atzo aurkeztu zuten zerbitzua Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Mari Jose Iturriak, Urola Ikastolako zuzendari Alberto Izagirrek eta BOZIko teknikari Imanol Iribarrek. BOZI eskualdean dauden prestakuntza eskaintza guztiak biltzen dituen gunea da, hor jasotzen baitira eskolek, lanbide heziketa zentroek, unibertsitateek, akademiek, musika eta hizkuntza eskolek nahiz elkarteek eskaintzen dituzten prestakuntza eta ikaskuntza eskaintzak. Europa 2020 egitasmoaren barruan, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hau kudeatzeko eskumena eskuratu du eta Euskal Autonomia Erkidego osoan eskaintzen da. Etengabe birziklatzea «Formazioa krisian aurrera egiteko eta hartatik ateratzeko elementu garrantzitsua» dela adierazi zuen Etxeberriak. Modu berean, Izagirrek ohartarazi zuen gizartearen balioa «gizartea bera osatzen duen jendartearen fomazioan» dagoela . Horregatik, zerbitzu honek hezkuntza arautu eta ez arautuan aukera desberdinak jorratu eta eskualdeko edozein bizilaguni prestatzen eta ikasten jarraitzeko dituen aukerak eskaini nahi dizkio. Izan ere, Izagirrek azaldu bezala, «Europa 2020 egitasmoaren helburua gizartea bizi osoan zehar heziketaren, ezagueraren eta gaitasunen bitartez birziklatzen jarraitzea da». Iturriaren arabera, «proiektu honek pertsonen gizarteratzea, aukera berdintasuna eta gizartea ulertzeko modu desberdinetara gerturatzeko aukera» emango du. Gizarteko hainbat talderi hezkuntzarako eta prestakuntzarako bidea erraztu nahi da bereziki, hala nola emakumeei, iraupen luzeko langabetuei, etorkinei eta gizarte bazterketa jasateko arriskua dutenei. Guztientzat zabalik eta doan Imanol Iribar izango da zerbitzu honetaz arduratuko den teknikaria. Berak adierazi duenez, «informazio eta orientazio zerbitzua» izango da BOZI. Batetik, hezkuntzaren arloan bailaran eskaintzen diren prestakuntza ikastaro guztiei buruzko informazioa eskura jarriko da www.boziurolakosta.com webgunearen bitartez.  Bestetik, ikastaroen gaineko nahiz ibilbide profesional bat bideratzeko eman beharreko pausoez eta egin beharreko ikastaroen gaineko orentazioa ere eskainiko dute. Pertsona bakoitzaren beharrei erantzuteko, banakako jarraipena egingo da. Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, zerbitzu honen bulegoak ikastetxeetan daude kokatuta. Kasu honetan, Urola Ikastolaren Azpeitiko eraikinean egongo da bulegoa. Kontsultak hainbat modutara egin ahal izango dituzte herritarrek: aurrez aurre, telefonoz, webgunearen bitartez nahiz posta elektronikoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide