Agustin Unzurrunzaga, SOS Arrazakeria taldekoa: "Migrazio politikak, pasiboki bada ere, onartu egiten ditugu"

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 19a

Azpeitiko Elkar-ekin elkarteak  jatorri aniztasunaren inguruko lan talde bat osatu eta gaiari buruzko gogoetak egin ditu azken hilabeteetan. Inguruko herrietako esperientziak entzun ondoren, elkarbizitza bultzatzeko egitasmoak antolatu ditu. XJ Auzolanean taldearekin elkarlanean, SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Unzurrunzagak (Bergara, Gipuzkoa, 1947) migrazioaren eta etorkinen egoera izango du hizpide gaur asteazkena (otsailak 19), 19:00etan, Sanjuandegiko auzo elkartean. «Azalpen batzuk eman ondoren, bertaratutakoekin solasaldia izango dugu», esan du hizlariak. Horrez gain, mahai inguru bat egingo dute martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Bitartean, jatorri ezberdineko azpeitiarrekin harremanak egiten joango gara, errealitate ezberdinak jakin eta elkar ezagutza bultzatzeko», esan dute. Era berean, udaberrirako ekintza gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute. Gai honekiko interesa dutenek eta lan taldean parte hartu nahi dutenek Azpeitiko elkartearekin jar dezakete harremanetan, elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita. Zein da gaur egun Gipuzkoako migrazioaren egoera? Egun, emigrazioa handiagoa da immigrazioa baino; fenomenoa nahastuagoa dago; jendeak etortzen jarraitzen du, baina joan ere egiten da. Batzuk jaioterrira itzultzen dira, baina gehienak beste herrialde batzuetara joaten dira. Birremigrazio fenomeno nabarmena dago egun. Horrez gain, bertakoek emigratu egiten dute. Batez ere gazteak dira, lan bila doazenak Europako herrialdeetara. Krisiaren eragina langabezia tasetan oso nabarmena da etorkinen kasuan, horrek dituen ondorioekin; kontratuak tamalgarriak izaten dira, eta etxeko lanetan aritzen dira gehienak. Zerbitzuen sektorean aritzen dira, eta sektore horrek baditu bere arazo propioak. Migrazioen panorama bera aldatu egin da krisiaren eraginez. Batetik, jende askoz gutxiago etortzen da; 2007an Espainiako estatuan ia milioi bat pertsona sartu ziren, eta egun 300.000 lagun etortzen dira. Krisiak nolako eragina du mugimendu hauetan? Eragina zuzena da. Gipuzkoan, %13ko langabezia tasa dago, eta Urola Erdian tasak altuagoak dira. Baina etorkinen artean %33ra igotzen da tasa hori. Ezberdintasun garrantzitsua da hori. Horrez gain, askok esaten digute lan egin arren ekonomikoki ez duela merezi hemen egoteak; egoera kaskarragoan daudela. Gainera, kontraesan batean aurkitzen dira etorkinak; hemen laguntzak jasotzeko aukera gehiago dute, baina bizitza garestiagoa da Gipuzkoan. Elementu horiek guztiek eragina dute batzuengan; izan ere, gehienek epe luzera hemen jarraitzeko asmoa dute. Etorkinak diru laguntzengatik etortzen diren aurreiritzia iraultzen al dute datu horiek? Aurreiritzi hori oso hedatuta dago. Herri guztietan agertzen den zurrumurrua da. Bi egoera daude hor; batetik, EAEko datuek erakusten dute jendea ez dela laguntzen arabera mugitzen. Urola Erdian %7ko immigrazio tasa dago, eta erkidegoko batez-bestekoaren antzera. EAE laguntza gehien ematen duen erkidegoetako bat da; Espainiako estatuko beste erkidegoekin alderatuta, ikus dezakegu immigrazio tasak EAEn baino altuagoak direla; estatuko batezbestekoa %12 da, eta Kanaria Uharteetan %33koa. Hori kontuan hartuta, argi eta garbi ikus daiteke jendea ez dela prestazioen inguruan mugitzen, lanaren inguruan baizik. Badago bigarren fenomeno bat; azken sei urteak oso gogorrak izan dira krisiaren eraginez, eta posible da horren ondorioz prestazioak kontuan hartzea mugitzeko orduan. Baina ez da hori egoera orokorra. Hain zuzen, krisiaren eraginez areagotu egin al da etorkinen aurkako jarrera? Bai. Aurreiritziak indartu egin dira. Gizartean argi eta garbi ikusten da hori, baita egiten diren inkestetan ere. Biztanleen %20k agertzen ditu gaur egun Europa osoan eskuin muturrak erabiltzen dituen ideiak; lehentasun nazionala lanean edo prestazioetan, espazio publikoen erabilera... Horrek ez du esan nahi arrazoi horiek berehala politikara eramaten direnik, baina iritzia badago, eta eragina du. Ceutan Guardia Zibilak pertsona etorkinekiko izandako jarrera bat al dator zure ustez egungo migrazio politikekin eta hedatzen ari den jarrera horrekin? Azken urteetan ezartzen ari den politika da Ceutan gertatu berri dena. 1993tik 2013ra 9.142 pertsona hil ziren Europa hegoaldeko mugetan, Espainiako estatukoetan barne. Hau da, batezbeste 1.000 pertsona hiltzen dira urtean. Politika horrekin jarraitzen dugu azken 25 urteetan. Horren ondorio zuzenak dira hildakoak, batez ere Gibraltarreko itsasertzean gertatu direnak. Ziklorik gogorrena 2006tik 2008ra artean izan zen; 2006an Kanaria Uharteetara iristeko 1.250 lagun hil ziren, eta hurrengo urtean ia 1.000 pertsona zendu ziren. 2011n, berriz, Italiako Lampedusa irlan 2.700 pertsona hil ziren; beraz, Ceutan gertatutakoa Europako politika orokor baten ondorio zuzena da. Finean, jendea etortzeko oztopatzeko neurriak dira. Une batzuetan presioa handitu egiten da, eta hildako gehiago izaten dira, eta susmoa dut ez ote garen ari halako ziklo berri batean sartzen. Espiral batean sartu gara, eta horrek hildako gehiago ekarriko ditu. Politika horien atzean ideologia jakin bat dago; hori hala izanda, eta etorkinen aurkako jarrera hedatzen ari dela kontuan izanda, herritarrek zer aukera dute horri aurre egiteko? Halako gauzak ikusteak jende askoren artean eragina du. Hala eta guztiz ere, gure artean lasai bizi gara, geure aurrean urtero milaka petsona hiltzen badira ere. Horrek ez digu ezer berezirik aldatzen barruan, eta badago konplizitate bat; Europatik ezartzen den politikak, pasiboki badira ere, onartu egiten ditugu. Esaterako, Siriako milaka errefuxiatu daude hainbat herrialdetan, baina Espainiako estatuak soilik ehun pertsona onartu ditu, eta harro agertu da horretaz, eskuzabala balitz bezala. Gainera, inork ez dio esan lotsagarria denik hori. Nahikoa lasai bizitzen gara horrekin, Ceutakoak bezalakoak gertatzen direnean barrenak mugitzen zaizkigun arren. Politika honekin amaitu egin behar dela uste dugu, baina ez bakarrik alde humanitariotik begiratuta. Afrikako migrazioaren gaia mahai gainean jarri behar da; ez da posible mugak ixtea. Politika horren ondorioak ikusten ari gara; milaka hildako azken urteetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide