Abizenak euskal grafiara moldatzeko aukera egongo da Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 19a

Orioko Udalak abizenak euskaratzeko egitasmoa martxan jarri du Uemarekin batera, Euskaraz naiz lelopean. Herritarrak euren abizena euskaratzera animatu nahi ditu udalak. Doako zerbitzua da, eta «aldaketa erraz egin daiteke orain, herrian bertan, Bake Epaitegira joanda», azaldu dute Orioko Udaletik. Abizena euskal grafiara moldatu nahi duten oriotarrek hiru urrats jarraitu beharko dituzte. Alde batetik, udaletxeko bigarren solairuan dagoen herriko Bake Epaitegira joan eta abizena euskal grafiaz jarri nahi dutela eskatu beharko dute. Bake Epaitegian eskaera orria bete beharko dute, eta horrekin batera nortasun agiriaren fotokopia epaitegian bertan eskatzen den hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria eta udal bulegoetan eskuratu dezaketen errolda agiria entregatu beharko dituzte. Horretaz gain, ezkonduta dauden pertsonek edo seme-alabak dituztenek, familia liburuaren fotokopia ere eraman beharko dutela zehaztu dute. Euskaltzaindiaren arabera Abizenak euskal grafiara moldatzerako orduan Euskaltzaindiaren irizpidea jarraituko dutela azaldu dute; horretarako, Euskaltzaindiaren Deitura-izendegira joko du epaileak. Bake Epaitegira joan aurretik oriotarren batek bere abizena euskaraz nola den ezagutu nahi badu, horretarako aukera izango du Orioko Udalaren www.oriora.com webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide