Bodologuak lanarekin lortutako arrakastak bultzatuta, bigarren bakarrizketa saioa estreinatuko dute aste honetan Egoitz Lasak (Zarautz, 1976) eta bere taulakideek; hau da, Nagore Aranburu azpeitiarrak eta Mikel Pagadizabalek.
Potologuak izenburua jarri diote, eta
Mejoratuta gatoz! leloa gehitu.
Horrenbeste ezkontza izan ondoren, potoloago al zatozte?
Mejoratuta gatoz, bai. Zentzu ezberdinetik begiratuta, gainera: pixka bat zaharragoak gara, gizenduta ere bagaude agian, kalitatez ere hobetu dugu...
Potologuak-ek, era berean,
Bodologuak izenburuaren antza du, jarraipena emateko eta identifikazio azkarra egiteko. Gure harrikadak dira, eta horiek potologoak dira, bai. Dena dela, ez da gauza kritiko zorrotz bat izango, ongi pasatzeko eta umorez beteriko ikuskizun bat baizik.
Oraingo honetan ere ezkontza batetik bueltan al zatozte?
Kasu honetan, ez. Ezkontzekin kokoteraino bukatu genuen, eta oraingoan normal gatoz. Aurrekoaren formatu bera izango du, bakarrizketak izango direlako ikuskizunaren ardatz, eta bakarrizketa eta bakarrizketa arteko hiru partaideon arteko elkarrizketak indartu ditugu, batez ere saio hasieran eta amaieran. Oro har, aurrekoaren egitura bera izango du. Denetariko gaiak izango ditugu: opariak, teknologia berriak, tabernak, gizarte segurantza, guraso izatea... Bururatu zaizkigun harrikadak dira, eta jendearekin elkarbanatu nahi ditugu. Ea zer iruditzen zaizkien!
Aurrekoan kide bakoitzak bere bakarrizketa idatzi zuen...
Oraingo honetan ere bai. Bakoitzak bere testuak idazten dituen arren, ondoren lan taldean gainbegiratzen eta zorrozten ditugu. Batzuekin gehiago kostatzen da, eta beste batzuekin gutxiago, baina, oro har, talde lana da hau.
Zer gaik kezkatu zaituzte, haiek taula gainera eramateko?
Teknologia berriekin eta asmakizunekin kezkatuta agertuko naiz, eta horri buruz ariko naiz luze eta zabal, iruditzen zaidalako gauzak ez direla ongi egiten ari. Gugan duen eragina kezkagarria iruditzen zait. Hori, esaterako, nik jorratuko dudan gaietako bat izango da.
Bodologuak-en bina bakarrizketa egin genituen, eta oraingo honetan ere kopuru bera egingo du bakoitzak.
Bodologuak saioa labur samarra egin zitzaion askori; gehiago entzuteko gogoz geratu ziren. Hori horrela, ikuskizun luzeagoa planteatuko al duzue Potologuak-ekin?
Aurrekoaren antzeko iraupena izango du, ordubete eta ordubete eta hamar minutu artekoa. Buelta horretan ibiliko da, alferrik luzatzeak ez baitu merezi. Ongi pasatzen ari bazara ere, hobe izaten da motz geratzea. Hala ere, ez zaigu iruditzen motz geratzen garenik, kontatzekoak horretaraino ematen digula baizik. Beraz, jendeak ongi pasatzen badu eta laburra iruditu bazaio, seinale ona da hori.
Zerbaitek ongi funtzionatzen badu, zergatik aldatu, ezta?
Hori da. Formatu eta neurri horretan mugituko gara, aspertu bitartean. Gure helburua ez da jendea aspertzea,guztiz kontra-
koa. Halaber, balarrizketek euskaraz funtzionatzen dutela erakutsi nahi dugu, eta hemen ere badela zer kontatua.
Bodologuak-ek berehalako arrakasta izan zuen. Horrelakorik espero al zenuten?
Bakarrizketak prestatzen dituzunean konfiantzaz heldu behar diozu lanari; batez ere, umorea egitera bazoaz. Bestela, jai duzu. Bagenekien ikuskizunak potentzial handia zuela, baina lehen emanaldietako erantzunarekin harrituta geratu ginen; izan ere, Azpeitiko Soreasu antzokia birritan betetzea ez genuen inolaz ere espero. Lehenengo ezuste horren ondoren, hurrengo emanaldietan ere ongi funtzionatu zuen, eta horrek konfiantza eman zigun. Azkenerako onartu bezala egin genuen arrakasta. Benetan, esperientzia polita izan zen hura.
Bigarren ikuskizunarekin arrakasta potoloagoa espero duzue, ala ikusleak begirada zorroztu ote du?
Zalantza hori beti geratzen zaizu. Ikuskizun aldetik hau politagoa da, baina formatua bera jada ezaguna da, ez da berria. Jendea exijenteago etor daiteke, eta bada beldur pixka bat bigarren zatiak nola funtzionatuko duen. Dena dela, hau ez da
Bodologuak-en bigarren atala; bakarrizketak dituen beste ikuskizun bat da. Jendeari gustatzea espero dugu.
Ostiralean Elgetan estreinatu ondoren, emanaldi bikoitza eskainiko duzue Zarautzen larunbatean. Indartsu ekingo diozue, hortaz.
Bai, Zarautzen bi saio egingo ditugu, jendeak erantzun ona ematen duelako beti antzezlanak daudenean. Hori bistakoa da Kalerkiko topaketetan eta gainerako ikuskizunetan. Niri, gainera, ilusio berezia egiten dit Modelo aretoan antzezteak. Txikia denez, ezinbestekoa da bi emanaldi antolatzea.
Aktore gisa Modelon ariko zaren estreinako aldia izango al duzu hau?
Hala izango da. Horregatik diot ilusioa egiten didala. Aurrekoan Lizardi antzokian egin genuen, eta eraitzi aurreko azkenetariko ikuskizuna izan zen. Agur baten modukoa izan zen, eta une horretan herrian antzokirik gabe noiz arte egon beharko genuen pentsatu nuen. Beraz, poz ikaragarria ematen dit Modelo berreskuratu duelako Zarauzko Udalak, eta herriak baduelako areto bat, nahiz eta txikia izan, programazio txukunarekin.