Gurutz Linazasoro neurologoa.
Munohandi Kultur Elkarteak antolatuta,
Gurutz Linazasoro neurologoak Mantenga su cerebro en forma
izenburu hartuta hitzaldia emango du ostegunean (otsailak 20), 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Linazasoro, garuna osasuntsu edo herdoildu gabe mantentzearen inguruan ariko da. Hitzaldia gazteleraz izango da. Munohandi Kultur Elkarteak antolatu duen bigarren ekitaldia da ostegunekoa; joan den abenduan krisi ekonomikoaren inguruan mahai ingurua antolatu zuen.
Gurutz Linazasoro, Gipuzkoa Poliklinikako Parkinson Ikerkuntzako Zentroaren zuzendaria eta birsortze medikuntzan aritzen den Inbiomed fundazioko presidentea da. Azpeitiko solasaldian garunaren funtzionamenduaz hitz egingo du: bizitzan duen eboluzioaz, Parkinson eta Alzheimer gaixotasunez, gaur egungo mediku ikerkuntzaz, faktore genetikoez edota datozen urteetan endekapenezko gaixotasun hauen zergatia aurkitzeko lanei lotutako erronkez.
Linazasoro gaur egun Gipuzkoa mailan Alzheimer arloan gauzatzen ari den ikerkuntza proiektuan ari da lanean. Hor 416 boluntario ari dira parte hartzen.
CITA Ikerkuntza eta Terapia Aitzindarien Zentroaren datuen arabera Gipuzkoan Alzheimer gaixotasuna 8.000 pertsonak dute, eta kopurua goraka doa, bere hazkundea biztanleriaren zahartzeari lotuta dagoelarik. 2010 urtean, 20.000 gipuzkoarrek izan dezatekela aurreikusten dute.