2014an zerbitzuen mantenu lanetan inbertituko du nagusiki Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 18a

75.000 euro bideratuko ditu Udalak kiroldegian mantenu lanak egiteko Atzo (otsailak 17) Orioko Udalbatzak 2014ko udal aurrekontua onartu zuen Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin. EAJk, berriz, kontra bozkatu zuen. Argudio bakarra erabili zuten: «Ez dira guk nahi ditugun aurrekontuak», esan zuten. Guztira 6.5 milioi euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak 2014an, eta horietatik 418.000 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Bildu eta Orain udal taldeek adostutako aurrekontuak lau ezaugarri nagusi ditu. Alde batetik, udaleko langileen soldatak %1 igo dirtuzte; bestetik, herriko eragileei diru laguntzak egonkortu eta zenbait kasutan igo egin dizkiete. Horretaz gain, «murrizketak udalak berak gestionatzen dituen proiektuetan» egin direla zehaztu dute, eta inbertsioak «zerbitzuen mantenura» bideratu dituzte: «Kiroldegira, hondartzako tabernetara, udal kanpinaren hirugarren fasera eta beste zenbait proiektutara», zehaztu du Beñat Solaberrieta alkateak. Horretaz gain, Plan Orokorra idazteko prozesua ere aurten abiatuko dute, iazko eta aurtengo diru sailetan kontuan hartu baitute proiektuaren gastua. Azken urteetan herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan du udalak hainbat arlotan, eta  oriotarren iritzia ere ezagutu eta jaso nahi izan du udaleko aurrekontuak osatzerako orduan. Azken bi urteetan, esaterako, aurrekontua osatzeko momentuan auzokako bilerak eta gaikako bilerak deitu ditu, oriotarren iritzi eta proposamenak jasotzeko.  2014ko udal aurrekontua osatzeko, berriz, urrats bat aurrera eman nahi izan dute, eta eskuorriak bidali zituzten herriko etxebizitza guztietara herritarren iradokizunak jasotzeko. 131 proposamen jaso zituzten, eta ideia batzuk aurrekontuan sartu dituzte. Udal Gobernutik jakinarazi dute gainerako ekarpenak «gehiago aztertu» behar dituztela «burutu aurretik». Jaurlaritzatik murrizketak 2014ko udal aurrekontuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzatik izandako murrizketak nabarmendu nahi izan ditu Bilduk: «Orioko EAJ udal taldeko bozeramaile Jon Redondok berak behin baino gehiagotan esana du aurreko Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro gehiago agindu zituela teknifikazio zentrorako, baina Jaurlaritza berriak ere ez ditu jarri», azaldu dute. Horretaz gain, salatu dute Zaragueta Herri Eskolako DBH eraikinaren garbiketa eta mantenua Eusko Jaurlaritzak ez dituela bere gain hartzen. «Bisiguaren Jaiaren diru laguntza hutsaren pare utzi dute, eta merkataritzako diru laguntzak kendu egin dituzte. Gainera, Musika Eskolako gastuaren herena bere gain hartu beharko luketen arren, zenbaki horretatik oso urruti dabil Eusko Jaurlaritzaren laguntza», azaldu dute Bildutik. Haur eskola, hizpide Beste urte batez, Mariamaestra haur eskolaren gaia hizpide izan dute udal taldeek batzordeetan 2014ko aurrekontuaren gainean eztabaidatzeko orduan. Izan ere, haur eskola handitzeko eskatu du EAJk. Udal Gobernuaren iritziz, «bitxia da eskaera, duela bi aste egindako Hezkuntza batzordean hiru alderdiak bat etorri baiginen obrak presa gehiegirik ez duela zehazterakoan». Egun hamaika toki libre daude haur eskolan. Horrez gain, udaletik jakinarazi dute 2013. urtean ia erdira jaitsi dela jaiotza tasa Orion: 2012an 90 haur inguru jaio ziren, eta 2013an 54 izan dira. Horiek kontuan hartuta, haur eskolako lanak atzeratzea erabaki dute. 2014ko Orioko Udal Aurrekontuko inbertsioak - Bide publikoak mugikortasun eta irisgarritasun irizpideen arabera egokitzeko 71.359 euro. - Hiri altzariak berritzeko 13.000 euro. - Plan orokorra idazteko 52.000 euro. - Argitegi publikoa berritzeko 20.000 euro. - Botaleku inguruko saneamendu eta ur hornidurarako 20.000 euro. - Kultura inbertsioak 2.553 euro. - Kiroldegian berrikuntzak egiteko 79.000 euro. - Talai mendiko lokalean mantenu lanak egiteko 4.000 euro. - Hondartzako tabernetan obrak egiteko 69.000 euro. - Birziklapen puntuetan inbertsioak egiteko 2.800 euro. - Kanpinaren 3. fasea egiteko 60.000 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide