Estaliz berpiztu proiektuagatik jaso du Iago Rey de la Fuentek Daniel Txopitea beka. Zapatisten inguruko borroka hartu du oinarritzat Bilbon bizi den zarauztarrak egitasmo hori gauzatzeko. Hain zuzen, "ikus gaitzaten estaltzen gara" nabarmendu izan du behin eta berriz Marcos komandanteak eta ideia beretik abiatu da Zarauzko Kultura sailak bigarren urtez antolatu duen arte sorkuntzarako bekarako lana osatzeko. Zarauzko ondare artistikoa hartu du abiapuntu gisa, zehazki herriko zenbait eskultura. "Egunerokotasunak, inguruan dugun artea ikusezin bihurtzen du azkenean, eskulturak eta artelanak paisaiaren baitan ohiko bihurtuz. Proiektu honek, Zarauzko hainbat eskultura estaliz, horrek herritarrengan piztuko lukeen arreta aztertu nahi du”, azaldu du.
Horiek estaltzea da Rey de la Fuenteren asmoa. Behin hori eginda, ezkutuko kameren bidez jendearen erreakzioa biltzea aurreikusi du, harridura edota axolagabetasuna, esaterako. Gerora, instalazio artistiko batean eskultura horien nondik norakoak zein kamera ezkutuen bidez jasotako irudiak uztartuko ditu. Sortaldea Kultura Eremuan egingo du hori.