2014 eta 2015 bitartean itxiko dituzte Gipuzkoako hiru zabortegiak: Azpeitiko Lapatx, Beasaingo Sasieta eta Zarauzko Urteta. Hala jakinarazi du asteburuan
Berria egunkariak. Duela bi aste Europako Zero Zabor Sareak egindako nazioarteko biltzarrean berretsitakoa beteko du diputazioak, hala. «Europako Batasunak ez du zabortegi kutsakorrik nahi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez. Zabortegi kutsakorrik gabeko eredua da gurea», esan zuen orduan Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin azpeitiarrak. Errazkinek, Ainhoa Intxaurraundieta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidenteak, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak eta Zarauzko Udaleko ordezkariek Urtetaren itxieraren inguruko azalpenak bihar emango dituzte, zabortegian bertan, 11:00etan.
Lapatx, Urteta eta Sasieta itxi ahal izateko, ordea, aurrez hainbat azpiegitura martxan jarri beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Dagoeneko zehaztu ditu: hiru konpost planta, TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat eta hondakin geldoen biltegi bat. Egun abian den Lapatxeko konpost plantaz gain, beste bi egingo dituzte: bata Bergaran, eta bestea Zubietan. Hiruren artean 80.000 tona hondakin organiko konpost bihurtuko dituzte.
TMB planta Zubietan egitekoa da diputazioa. Bi funtzio izango ditu horrek: batetik, hondakinak bereiziko ditu, ahalik eta kopuru handiena konpostatzera edo birziklatzera eramateko, eta bestetik, bereizi gabeko hondakinek sortzen dituzten kutsagaiak ezabatzeko balioko du. Horrek 170.000 tona tratatzeko gaitasuna izango du. Ez dute erabaki, ordea, non egigo duten hondakin geldoen biltegia; hori egiteko aukerak aztertzen ari da egun. Dena dela, horrek berreskuratu ezin diren hondakinak jasoko ditu. Kutsadura eragin dezaketen osagaiak kenduko dizkiete aurrez, eta gero lehortu egingo dituzte. Hori dela eta, ez dutela kutsatuko ezta usain txarrik sortuko aurreikusi dute. 65.000 tona hondakin inguru bildu ahal izango ditu urtean, gutxi gorabehera.
Azpiegitura horiek guztiak 2015 urte amaierarako abian jartzea da aldundiaren asmoa. 200 milioi euro baino gutxiago kostako litzateke horiek eraikitzea, diputazioaren arabera.
Oposizioaren babesa behar
Azpiegiturok abian jartzeko oposizioko alderdi politikoren baten babesa beharko du hala ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zentzu horretan, «adostasunak bilatzeko garaia» dela nabarmendu du Errazkinek: «Denok arduraz jokatu behar dugu gai honetan. Hondakinei buruzko polemikaren garaia bukatu da. Beste eszenatoki batean gaude, non hondakinak modu arrazional eta iraunkorrean eta adostasunez kudeatzeko aukera izango dugun. Eraiki dezagun denon artean hondakinak kudeatzeko Gipuzkoak behar duen sistema».
Hala, hondakinak kudeatzeko azpiegitura proposamena hilaren 24an eta 26an aurkeztuko diete Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiei. EAJko ordezkari Eider Mendezek bere alderdia bertan izango dela adierazi du, baina Bilduk gehiengoaren iritzia zein den dagoeneko badakiela uste du: «Hondakin geldoen biltegi hori eraikitzeak beste zabortegi bat ekarriko luke. Gu zaborte
gien kontra gaude, eta baita gehiengoa ere». PSE ere bertaratuko da, plana bere osotasunean ezagutzeko, «alternatiba sinesgarri, errealista eta jasangarri baten zain» hiru urte daramatzatelako. PPk, berriz, ez du argitu joango den. Hala ere, adierazi du Bilduk proposamen hori Batzar Nagusietan egin beharko lukeela.
Diputatuak planari ekarpenak egiteko eskatu die alderdiei, «Europak eskatzen duen bezala, prebentzioan eta birziklapenean oinarritutako sistemak eraikitzeko» ados jartzeko. Hain zuzen, birziklatzea eta konpostatzea dira aldundiak aurkeztutako planaren ardatzak, eta 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea da asmoa. Babesa jaso ezean ezingo dituzte azpiegiturok eraiki, ordea, eta ondorioz, ezta Gipuzkoako hiru zabortegiak itxi ere.