Otsailaren 10ean hasi zuten gose greba Lurreko Garraioaren inguruko Lege Organiko berria dela eta. Valentziako La Safor Elkarte Kooperatibistako 300 garraiolariri eragiten die araudi berriak, zehazki bertako kide den Cosotrans enpresakoei. Kooperatibak merkataritza-enpresa bihurtzera derrigortzen ditu legeak, eta sustapen araudiak hiru kamioi edukitzera behartzen du garraiorako baimena eskuratzeko. Hortaz, oztopo ugari dituzte kamioilariek, besteak beste, Joxe Ramon Lizarralde aiarrak.
Bost izatetik bi izatera
Aiako garraiolaria eta Pablo Montilla dira, egun, hasierako boskotetik greban jarraitzen dutenak. Osasun arazoak direla eta lanuztea utzi behar izan zutenen tokia bi emakumek bete dute, greba izaten ari den oihartzuna handitzeko asmotan. Izan ere, indarrak gutxitu arren, morala handitzen ari da garraiolari autonomoen artean.
Herritarren erantzun onak eman dio Lizarralderi kementsu jarraitzeko indarra, bilduta dauden lekura bertaratzen baitzaizkie. Nou d' Octubre kalea dute bizitoki duela astebetetik. Bertan egiten dute lo, politikarien mugimenduak koordinatzen dituzte eta irtenbide bat bilatzeko ahaleginak egiten ari dira.
Bi izatetik ehun baino gehiago izatera
Igandean ehun herritarren atxikimendua jaso zuten, eta lanuztearen bigarren aste honi hasiera Motor eta Kirol partidu politikoarekin elkarlanean antolatutako protestarekin eman die. Kamioiak goizeko 8:00etatik aurrera Valentziako kaleetan zehar ibiltzean datza protesta.
Pertsona askoren laguntza jaso dute, beraz, manifestatzaileek, eta hori laguntza psikologiko handia da Lizarralderen hitzetan. Gainera, sendagileen laguntza ere jasotzen dute, Salut Valenciano-ko langileena hain zuzen ere. Osasun arloko profesionalek likido asko edatea gomendatzen diote Lizarralderi, horrela, odoleko glukosa orekatzeko.
Jateko gogoa berehala galdu zuten garraiolariek. Borrokatzen jarraitzeko gogoa daukate, ordea. Borroka honetan bidelagun dituzte hainbat politikari eta ehunka herritar. Atxikimendu gehiago lortzea da beren desioa; indarrak batu eta konponbidea lortzea, helburua.