Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako VII. Erniarraitz Satiketak badu irabazlea: Amaia Iturriotz zumarragarra nagusitu zen ostiralean Azpeitian egin zuten finalean. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Laxaro Azkunek jantzi zion txapela bertsolariari, han elkartutako 300 lagun ingururen aurrean. Iturriotzen atzetik Nerea Ibarzabal markinarra geratu da, eta hirugarren postua lortu du Nekane Zinkunegi errezildarrak. Era berean, Azpeitiko Gaztetxeko kideek aukeratuta, bertso onenaren saria jaso zuen Zinkunegik. Zinkunegiz gain, eskualdeko beste bi bertsolari izan ziren gaztetxeko taula gainean; Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Josu Oiartzabal Xenpelar azpeitiarra. Laugarren eta seigarren postuan geratu ziren horiek, hurrenez hurren.
Txapela lortuta, «gustura» da Amaia Iturriotz bertsolaria: «Halako sariek bertsotan aurrera egiteko indarra eta gogoa ematen didate», adierazi dio Urola Kostako Hitzari. «Askotan presio handirik gabe eta inertziaz aritzen gara bertsotan, baina txapelketa hauek norbere burua serio jartzen eta beste bertsolarien lanetan arreta jartzen laguntzen dute».
«Bizia, baina lehertu ezinda»
Ostiraleko finalaren balorazioa egiterakoan, «saio bizia baina lehertu gabekoa» izan zela uste du Iturriotzek. Egindako lanaren inguruan, berriz, sentipen gazi-gozoekin mintzatu da irabazlea; «hasieran asko kostatu zitzaidan kontzentratzea, eta ez nintzen batere gustura aritu. Gero buelta eman nion, ordea, eta lasaiago abestu nuen».
Faboritoetako bat zen zumarragarra, baina txapela irabaztea ez zuela espero aitortu du. «Kontzentrazio ezaren eraginez edo, ez nituen besteen bertsoak entzun. Beraz, ez nuen sailkapenaren inguruko inongo intuiziorik». Iturriotzek bigarren aldiz hartu du parte Erniarraitz Sariketan; duela bi urteko txapelketan ere finalistetako bat izan zen zumarragarra.
Joan zen hilean hasi zen VII. Erniarraitz Sariketa, eta ordutik hiru kanporaketa egin dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen. 18 lagun lehiatu dira txapelketan.