Orioko itsasontziak. (Argazkia: Aiora Larrañaga)
Erria txikota! jaiaren helburuetako bat haur eta gazte oriotarrei herriko itsas ondarea zabaltzea da. Ildo horretatik, aurreko ostegunean eta ostiralean Orioko Herri Ikaskolako Lehen Hezkuntzako haurrek baporeak eta bertako martxa barrutik ezagutzeko aukera izan zuten. Denera 330 ikasle inguru aritu ziren itsasontzietako bizimodua eta bertako lana nolakoa den ezagutzeko patroien eta arrantzaleen azalpenak jasotzen. «Egitasmoaren helburua oriotarrek gaurdaino bizirik mantendu duten itsas ondarea ikasleei gerturatzea da», azaldu dute Orioko Herri Ikastolako arduradunek.
Horretaz gain, galtzear dauden esamoldeak eta esaerak belaundaldi berriei transmititzea ere lortu nahi dute Erria txikota! filosofiaren barruan. «Garai bateko hizkera errekuperatzeko borondatearekin aukeratu zen leloa, eta bide horretan urrats bat gehiago eman nahi izan dugu herriko baporeetara egindako bisitan», azaldu dute Orioko Herri Ikastolatik.
Orioko Herri Ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkie Arrantzaleen Kofradiari eta azalpenak eman dituzten patroi eta arrantzaleei.