Ekainberrik 29.500 bisitari izan zituen iaz

Zestoako Hitza 2014ko otsailaren 18a

29.500 lagun izan ziren 2013an Ekainberrin Zestoako Ekainberri Proiektuak aurreko urteko balorazioa egin du; 2013a «urte ona» izan dela adierazi dute, hango bisitari kopurua goraka baitoa urtez urte: «Krisia gogor zigortzen ari da dena, eta testuinguru horretan, bisitari kopuru handi bat aintzat hartzen eta babesten ari da Ekainberriren kultur eta aisi eskaintza». Bildutako datuen arabera, 2012. urtearekin alderatuta Ekainberrira joan diren bisitarien kopurua %17,85 hazi zen iaz. 29.500 lagun joan ziren bertara, duela bi urte baino lau mila eta bostehun gehiago. Aurrera begirako erronkei dagokienez, berriz, «ideia asko, baina aukera gutxiago» dituztela adierazi dute Ekainberriko arduradunek. Zestoak eskaintzen dituen aukerak proiektura batzeko eta Lili Jauregiko eskaintza handitzeko asmoa azaldu dute. Hiru aukera inguru bakarrean Ekainberri Proiektuaren barruan, Ekainberri Museoak eta Ekain Abenturak jarraitzen dute bisitari gehien erakartzen. Horien ustez, hiru faktorek eragin dute gorakada; batetik, Lili Jauregiko bisita eskaintzearekin proiektua handitu dute, eta horrek bisitari kopurua erakarri du; hain zuzen, 4.030 lagun izan ziren iaz Lili Jauregia ikusten. Bestetik, ikastetxeengana gerturatzeko «ahalegin berezia» egin dute; «ikusi dugu ikastetxeen bidez etortzen diren umeak ondoren beraien familiekin itzultzen direla Ekainberrira», adierazi dute. Azkenik, krisiaren eraginez barne turismoa hazi egin dela azpimarratu dute, eta horrek bisitari gehiago izatea eragin dutelakoan dira. Hain zuzen, hara joaten direnen profil nagusiak ikastetxeak eta familiak dira. Bisita guztiak talde txikietan egiten dituzte, «eta horrek asko errazten du taldeko kideen partaidetza». Horien arabera, erabiltzaileek «oso modu positiboan» baloratzen dute hori. Bisitari gehienek Zestoako herrigunetik metro gutxira dagoen Sastarrain bailaran paseatzen dutela gaineratu dute. «Oro har, bisitariek goiz edo arratsalde bat hartzen dute Ekain edo Lili Jauregia bisitatzeko». Hiru aukera eskaintzen ditu Ekainberrik; bata Ekainberri Museoa da, Ekaingo kobaren erreplika. Bigarrena, berriz, Ekain Abentura da. Ekainberriko eraikinaren inguruko azpiegituretan dago, eta duela 13.000 urteko jarduerak erakusten ditu; bisitariek, besteak beste, sua egiten, orduko armak erabiltzen, margotzen eta ehizatzen ikasteko aukera dute han. Lili Jauregia, berriz, 2013ko martxoan jarri zuten martxan, eta Ekainberri Proiektuaren hirugarren eskaintza da. Antzerki bidez osatzen dute XVII. mende amaierako Lili sendiaren ondarea, Andre Madalen Lili familiako pertsonaia historikoaren bakarrizketetatik abiatuta. Ekainberri Proiektuko arduradunek adierazi dutenez, bisita «berritzailea» izanik, «harrera oso ona» izan du lehenengo urtean; «halako eskaintza berezia izanik, zuhur ginen hasieran, baina oso pozik gaude izan duen erantzunarekin. Jendeak ulertu du dinamika; istorioan sartzen dira, eta harreman ona sortzen da aktoreekin». Iazko datuen aurrean, adierazi dute bisitariek Ekainberrik ematen duen «esperientzia» hartzen dutela aintzat: «Bisitariak koban egoten dira, eta hainbat modutara historiaurrea bera ukitzea lortzen dute».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide