TSko langileak, «negoziatzeko prest»

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 17a

Zestoako TS Fundicioneseko langileek haserre jarraitzen dute, baina ez daude etsitzeko prest. Lantegiaren itxieraren berri izan zutenetik lehenengo asanblada egin dute gaur goizean. «Bilera gogorra izan da; suminduta daude langileak, gertatu denaren errua guri egotzi digutelako». Horren aurrean, elkarretaratzea egingo dute bihar Itziarreko WEC lantegiaren aurrean —TSko akzionisten beste lantegia—, Zestoako TS Fundicionesen likidazioaren kontra. Asteazkenean beste elkarretaratzea egingo dute Arroako plantaren aurreko biribilgunean, 11:00etan, eta ostegunean 24 orduko itxialdia egingo dute Zestoako kiroldegian, Arroako lantegitik Zestoara oinezko martxa egin ondoren. Datozen egunetan mobilizazio gehiago izango direla aurreratu dute beharginek. Bien bitartean, «negoziatzeko prest» dagoela berretsi du Enpresa Batzordeak, eta gezurtatu egin du soldatak —Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren %50 handiagoak— eta 35 orduko lanaldia mantentzea eskatu izana. «Eskatzen dugun gauza bakarra kaleratzerik ez izatea da. Puntu guztietan negoziatzeko prest gaude, baina beraiek dira negoziatu nahi ez dutenak». Irekita jarraitzen du Zestoako lantegiak, baina soilik zazpi langile ari dira lanean; «hiru pieza falta dira egiteko, eta langileek mehatxu egin die, lanera joan ezean espediente zigortzailea irekiko zaiela», salatu dute. Enpresa datozen egunetan ixtea aurreikusi dute langileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide