Bertan da. Gero eta gutxiago geratzen da. Etzi, otsailaren 20an, hamargarren urteurrena ospatuko du UROLA KOSTAKO HITZA egunkariak. Horren harira, hainbat jarduera antolatu ditu, eta horietako bat izan da azken hilabetean abian jarritako logo lehiaketa. Epeak amaituta, HITZAk jada aukeratu du urteurreneko irudia. Saioa Perona oriotarrak aurkeztutakoa izan da garaile.
Egileak HITZAren ikurra hamar zenbakiaren barruan txertatu du, halako irudi hibrido bat aurkeztuz. Epaimahaiak horixe bera baloratu du saria ematekorakoan: «Urteurrena eta egunkaria irudi bakar batean biltzen jakin du». Dozena bat lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta irabazlea ebaztea ez dela lan erraza izan esan dute epaimahaikideek.