Pedro Arregi Elkano jatetxearen aurrean, 2012an ateratako argazkia. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Ia mende erdi egin zuen Pedro Arregik parrilla, ikatz eta arrain fresko artean murgildurik. Ostiralean hil zen parrillan erretako arrainarekin arraina prestatzeko modua goitik behera aldatu zuen gizona; 1960an arraina parrillan oso-osorik, azal eta guzti, erretzen lehen sukaldiaria izan zen. Ordura arte Orion txuleta eta bisigua parrillan erretzen ziren, baina Arregi izan zen gainontzeko arrainak parrillara botatzen aintzindaria. Ordutik Getariako eta kostaldeko herrietako jatetxe ugarik jarraitu dute bere bidea eta egun Getaria parrillan erretako arrainagatik ezagunak da Euskal Herrian eta nazioartean.
Duela 50 urte Elkano kalean Elkano txikia ireki zuenetik, «esfortzua, lana eta kalitatea» izan ziren Arregiren printzipio nagusiak, eta Aitor Arregi semeari negozioaren lema pasa bazion ere, gertutik jarraitzen zuen hainbeste urtetan mimatu zuen jatetxearen norabidea. Arregik argi zuen sekretua: «kalitatea eskaintzea da gure etxearen gakoa» azaldu zion Arregik Urola Kostako Hitzari 2012an egindako elkarrizketa batean. Izan ere, Arregiren iritziz arrain ona parrilan prestatzeko ez zen «kalitatea beste sekreturik, gakoa arrain freskoa eta ona izatea da».