Uretako sorospen ikastaroa emango du Gipuzkoako DYAk Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 17a

Martxoan eta apirilean eskainiko du Gipuzkoako DYAk uretako sorospen ikastaroa. Zarautzen duen ordezkaritzan (Iturribide kalea, 12-14 behea) emango ditu eskola teorikoak eta heziketa praktikoa, berriz, Zarauzko Udal Kiroldegian egingo dute. Uretan izan daitezkeen arrisku egoerei aurre egiten ikasiko dute ikastaroan izena ematen dutenek. Jakinarazi dutenez, ezagupen «oso arruntak» izango dira, baina «oso lagungarriak». «Modu eroso eta atseginean» irakatsiko dituzte, gainera, teoria zein praktika landuz. Horretarako  ezinbestekoa izango da aurrez lehen sorospen ikastaroa egina izatea. Ikastaro amaierako froga gainditzen dutenek DYAk eskaintzen duen uretako sorosle titulua eskuratuko dute. Hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak homologa dezake, bestalde. Interesa dutenek 943-464622 telefono zenbakira deitu dezakete izena emateko edota informazio zabalagoa eskuratzeko. Ikastaroa egin ahal izateko 220 euro ordaindu beharko da. Plaza kopurua mugatua da, hezkuntzaren kalitatea bermatzearren. Larunbatero izango dira eskolak, martxoaren 8tik apirilaren 12ra bitartean 10:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide