'Paperezko moda' erakusketa zabaldu du gaur Cristobal Balenciaga Museoak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 14a

Alberto Sinpatron, Mercedes de Miguel eta Javier Barroeta diseinatzaileak erakusketaren inaugurazioan. (Egilea: C.B.M.) Ostiralean zabaldu zuten Getariako Balentziaga museoan Paperezko moda izeneko erakusketa. Aldi baterakoa da, eta bertan Ion Fiz, Javier Berroeta, Antonio Alvarado, Mercedes de Miguel, Alberto Sinpatron, Maria Cle, Alicia Rueda eta Roger Blomkvist diseinatzaileen paperezko lanak ikusi ahalko dira martxoaren 31ra bitartean. Paperezko moda erakusketak Gueñesko Paperezko Soinekoen Lehiaketaren atzera begirako bat izan nahi du. Izan ere, lehiaketa horrekin mende erdi baino gehiago daramate paperez egindako eta eskuz edo makinaz jositako sainekoak saritzen. Nazioarteko moda ikasleek eta josteko zaletasuna duten lagunek parte hartzen dute lehiaketa horretan. Gueñesko Paperezko Soinekoak Lehiaketa 1958an egin zuten lehen aldiz. Herritarrek sortu zuten lehiaketa tradizioz Enkarterriak oihalen eta paperaren industria indartsua izan zuelako, eta bi sektoreak uztartu eta sustatu nahi zituztelako. Egun lehiaketaren helburua ohiturari eustea eta diseinatzaileak lehiaketan parte hartzera animatzea da. Alberto Etxebarrietak tailerra Datozen asteetan Balentziaga museoan ospe handiko zortzi diseinatzailek Gueñesko Paperezko Soineko Lehiaketatik kanpo, hura sustatzeko sortutako bederatzi soineko erakutsiko dituzte; baita lehiaketaren azken bi urteetan saritutako pieza bana ere. Paperezko moda erakusketaz gain, hori osatzeko tailer bat ere antolatu dute museoko arduradunek martxoaren 22rako. SinPatron moda etxearen sortzaile Alberto Etxebarrieta diseinatzaile bilbotarrak eskainiko du tailerra. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi alderdi izango ditu: «Zati teorikoan diseinatzaileak bere laneko metodoa erakutsiko du, eta alderdi praktikoan, berriz, papera landuko dute, soinekoak nola sortu daitezkeen azalduz». Balentziaga museotik azaldu dutenez, moda diseinuan interesa duen orok har dezake parte tailerrean, ez da aditua izan beharrik: ikasleak, profesionalak, nahiz beren kabuz moda sorkuntzara hurbildu direnak, denak beso zabalik hartuko dituzte. «Alberto Etxebarrieta bera ere bere kabuz ikasita hasi zen lanean, eta esperimentazioa izan da bere ezaugarri nagusia», azaldu dute museotik.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide