Atzo, otsailak 13, Azpeitiko 2014ko Udal Aurrekontuak onartu zituzten ezohiko Udal Batzarrean. Bilduk EAJrekin adostutako aurrekontuek ez zuten HamaikaBat-en babesik izan.
Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuenez, hiru iturri erabili ditu Udal Gobernuak aurrekontuak osatzeko: Plan Estrategikoa, Udaleko alderdien ekarpenak eta Denon Artean prozesuaren bitartez herritarrek egindako ekarpenak. Bestetik, Foru Aldundiak aurrekontuen eta garraioaren inguruan martxan jarrita dituen prozesuen ekarpenak ere erabili dira.
Udal Gobernuak aurkeztu eta onartutako aurrekontuen inbertsio nagusiak sustapen ekonomikora bideratutakoak dira, krisi ekonomikoari aurre egitera joango dira inbertsiotako partida nagusiak, milioi bat euro baino gehiago. Horrez gain, beste inbertsio batzuk aztertu eta abian jartzeko erabakia hartu du Udal Gobernuak, "beti ere arlo tekniko eta finantziaroak baldintzatuta". Horien artean dago herriko merkatu plaza eraberritzea, herriko plaza eraberritzea, Soreasu auzoa indartzea, Soreasu eraikineko eremu bat abian jarri eta egitasmo jakinei lekua bilatzea, Basozabali erabilera emateko azterketa egitea, San Martingo haurreskola Betharrameko eraikinera igarotzeko aukerak aztertzea, Sanjuandegiko kiroldegiko instalazioak eraberritu eta handitzea, eta Urrestillako eta Lasao eta Zumaia arteko bidegorrien proiektuak garatzea.
Bestetik, gizarte zerbitzuei dagokionez, etorkinen inguruko lanketa areagotu nahi da, ematen diren laguntzen inguruko informazioa eta zerbitzuak indartuz; beka sistemarekin jarraitzea ere aurreikusten da. Kultura arloan, sorkuntza indartu eta kultur arloko agenda gehiago integratzea bilatuko da. Parekidetasunari dagokionez, gazte zerbitzuaren azterketa egingo da. Hondakinen inguruan, udaberrirako hondakin bilketaren diseinuaren inguruko azterketa bukatu nahi da.
EAJ proposamenarekin ados
EAJ alderdiak aurrekontuen aldeko bozka eman zuen, euren ekarpen guztiak "kontuan hartu" direla iritzita. Talde jeltzaleko bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi zuenez, "krisi egoera dela-eta, Azpeitiko Udalak ahalegin berezia egin behar du. Udalaren finantza egoera nahiko ona da ekimenak indarrean jartzeko, eta ezin dugu lo egon". Jeltzaleek kritikatu egin zuten aurrekontuak "ia bi hilabeteko atzerapenarekin onartzea, are gehiago duzuen gehiengo absolutuarekin". Sektore pribatuaren egoera kaxkarraren aurrean, "sektore publikoak motorra izan behar duela" adierazi zuen Gorrotxategik.
Bestetik, Bildu "beti partehartzea goratzen" ari dela esan eta euren arteko bilerak nahi baino urriagoak izan direlako. EAJ "lanerako eta adostasunerako prest" dagoela ohartarazi zuen. "Azpeitiko egoerak larriki kezkatzen gaitu, azpeitiko herritar eta seme-alabak garelako eta baita herri honen zati handi baten ordezkari ere".
Hori esanda, aurrekontuen "jarraipen zorrotza" egingo dutela ohartarazi zuen, "eta jasotzen diren ekimenak betetzen ez badira, hori salatzen aurrenak" izango direla adierazi zuen.
H1 'jokoz kanpo' sentitu da
HamaikaBat alderdiko zinegotzi Aitor Arangurenek ez zuen Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena babestu, bere ustez aurrekontu diseinurako metodologian zehaztutako hiru iturri horietatik bi "itxita" egon direlako. "A2025 Plan Estrategikoari buruz ez dugu orain arte hitzik ere entzun, iturri hori itxita egon da. Hiru alderdien erabakia izan zen 2014-2015eko aurrekontuekin lotzea eta HamaikaBatek batzordean eskatu duen arren, ez da ahaleginik egin". Bestetik, Denon Artean prozesuko informazioa eskatu izan dutenean, informazio hori jaso ez izana salatu zuen. EAJrekin aurrekontuak adostu eta berarekin "saiatu ere ez egitea" salatu zuen Arangurenek, "badakidan arren nor naizen eta non nagoen" adierazi zuen, Bilduren hamaika zinegotzien aurrean berak bakarrik erabakietan ezer egitekorik ez duela onartuta, "baina errespetu falta iruditzen zait saiatu ere ez egitea, errespetu falta A2025 eta Denon Artean prozesuetan parte hartu dutenekiko ere".
AZPEITIKO UDALEKO 2014KO AURREKONTUAK
1. AURREKONTU OROKORRA ETA ENTITATE BAKOITZARENA
AURREKONTU OROKORRA 18.133.862,02 euro
- UDALA (aurrekontu propioa) : 17.132.093,25 euro
- EUSKARA PATRONATUA: 674.219,68 euro
- UDAL KIROL PATRONATUA: 1.092.307,30 euro
- AZPEITIA LANTZEN SA: 242.000,00 euro
2. UDALEKO GASTUEN AURREKONTUA DEPARTAMENTUKA
- Ogasuna eta Kontuak: 962.711,31 euro
- Hirigintza eta Ingurume: 1.602.700,00 euro
- Hezkuntza eta Euskara: 777.530,91 euro
- Kultura eta Gazteria: 766.300,00 euro
- Kirolak: 1.597.807,30 euro
- Gizartekintza: 1.143.620,00 euro
- Langileria eta antolakuntza: 5.235.614,32 euro
- Festak: 495.000,00 euro
- Zerbitzu orokorrak: 3.161.700,00 euro
- Alkatetza: 231.000,00 euro
- Industria, merkataritza eta turismoa: 810.209,41 euro
- Parekidetasuna: 113.900,00 euro
- Baserriak: 234.000,00 euro
Guztira: 17.132.093,25
3. 2013KO AURREKONTUEKIN ALDERATUZ
2013
AURREKONTU OROKORRA 17.502.851,33 euro
- UDALA (aurrekontu propioa) : 16.304.180 euro
- EUSKARA PATRONATUA: 602.627,75 euro
- UDAL KIROL PATRONATUA: 1.094.266,28 euro
- AZPEITIA LANTZEN SA: 368.321,00 euro
2014
AURREKONTU OROKORRA 18.133.862,02 euro
- UDALA (aurrekontu propioa) : 17.132.093,25 euro
- EUSKARA PATRONATUA: 674.219,68 euro
- UDAL KIROL PATRONATUA: 1.092.307,30 euro
- AZPEITIA LANTZEN SA: 242.000,00 euro