Atzo banatu zuten
Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera kazetaritza beka. Herriko migrazioa aztertu eta testigantzak jasotzeko helburuarekin sortu du Zarauzko Udalak, eta aurkeztutako bost lanen artean Laida Aranbururena, Ekhiñe Muguruzarena eta Usua Garinena aukeratu du epaimahaiak. Orain hiru lagunak arduratuko dira era bateko edo besteko migratzaileak izan direnen bizipenak ikertzeaz eta horiek gizarteratzeaz, etorkizunerako lekukotasun horiek «behar bezala» gordeta gera daitezen.
Epaimahaiak bost arrazoi izan ditu kontuan Aranburuk, Muguruzak eta Garinek aurkeztutako proiektua hobesteko. Julen Aranguren Immigrazio teknikari eta epaimahaiko idazkariak azaldu ditu horiek. Alde batetik, proiektuak ikus-entzunezko formatua duelako aukeratu dute. «Formatu dinamikoa da, azkarra. Guri lanak ahalik eta hedapen gehien izatea interesatzen zaigunez, aproposa iruditu zaigu», azaldu du Arangurenek. Bestetik, migrazioa bi norabidedun prozesu gisa planteatu dutelako. Alegia, ez direlako migratzaileen esperientzia jasotzera soilik mugatuko; herritarrek hori nola bizi duten ere jasoko dute.
Halaber, askotariko testigantzak biltzeko asmoa duten arren, guztiak batzen dituen «hari koherente bat» jarraituko du hirukoaren lanak: denek migratu izana. Era berean, kulturartekotasuna, anistazunari errespetua eta bertakoen aurreiritziei kontra egitea bezalako baloreak ere jorratuko dituztelako hautatu dute. Proposamen horretan oinarrituta, gerora unitate didaktikoak landu eta ikastetxez ikastetxe erakusteko aukera eskaintzen du, gainera.
Bekaren irabazleek 3.000 euro jaso dituzte lan hori burutzeko, eta gutxienez hiru hilabete eta gehienez sei hilabete izango dituzte dokumentala gauzatzeko. Aranburuk, Garinek eta Muguruzak «pertsonekin eta haien bizipenekin» lan egingo dutenez, denbora eurek markatuko dutela nabarmendu dute: «Haiek izango dira protagonistak eta prozesuaren gidariak». Testigantzak modu originalean jorratzeko asmoa erakutsi dute, eta «berehala» hasiko dira lanean.