Zaparradaren oihartzun luzea

Aritz Mutiozabal 2014ko otsailaren 14a

Oihartzun handia lortu du Belako laukote mungiarrak oso epe laburrean. Urtebete daramate Eurie estreinako diskoa han eta hemen aurkezten, harrera ezin hobearekin, eta bihar gauean Azkoitiko plazan izango dira. Dena dela, diskoa apur bat zaharkituta geratu zaiela iradoki du taldeko gitarra-jotzaile Josu Ximunek. Ez da harritzekoa, dagoeneko material berriarekin lanean ari baitira. Apirila inguruan iraupen laburreko disko bat kaleratzekoak dira, eta batez ere udako musika jaialdietan aurkeztuko dute zuzenean. «Lau abestiz osatuta egongo da; hau da, hiru eta interludio moduko pieza bat. Ia denak grabatuta ditugu, baina oraindik xehetasun batzuk zorroztea falta zaizkigu bukatutzat emateko», aditzera eman du Ximunek. Material berriak «orkestrazio dezente» izango duela aurreratu du taldekideak: «Soinu aldetik aldaketa egongo da. Eurie diskoa gordina da, eta abestiek ere izaera hori dute. Lan berrian ere badira abesti oldartsu samarrak, baina loratuagoak daudela iruditzen zaizkit, elektronika eta orkestrazio sinfoniko aldetik». Hori guztia Belakoren ukitu berezia galdu gabe. Azkoitiko kontzertuan, beraz, abesti berriren bat edo beste entzuteko aukera izango da. «Horretaz gain, abesti zaharrak ere ez ditugu beti berdin jotzen, aspertu egiten garelako. Haien egiturak garatzen eta moldatzen joaten gara, bertsio berriak taularatuz». Horrek Belakoren emanaldi bakoitza bakar bihurtzen du, hein batean. Kontzertua 22:30ean hasiko da, eta aurretik Kasik taldeak joko du zuzenean. Diskoa mugarri Eurie diskoak ate asko zabaldu dio Mungiako laukoteari, baita aurretik irabazitako hainbat musika lehiaketek ere. Estreinako lanari esker, Crystal Fighters, Shouts Out Louds eta Elvis Costello bezalako erreferentziekin partekatu ahal izan dute agertokia. Jakin badakite norabide onetik doazela, eta arin-arin, gainera. Hala ere, arrakastaren sentipenik ez dutela nabarmendu du gitarra-jotzaileak. «Arreba txiki bat bezala da. Egunero ikusten duzunez, ez zara konturatzen hazten ari dela, baina denbora luzez ikusi ez duenarentzat ikaragarri garatu da. Guri antzeko zerbait gertatzen zaigu. Kanpotik arrakasta lortu dugula komentatzen digute, eta kontziente gara bide onetik goazela, baina egunerokoan ez dugu pertzepzio hori». Eurie diskoa beren ibilbidean mugarri izan bada ere, taldearen abiapuntua baino ez da. «Gure hasiera definitzen du. Belako sortu  eta iaz arteko garapena jasotzen du, lehen bi urteen laburpena. Agian, taldearen hasierako zirriborroa izango litzateke». Ximunen ustez, ez da disko koherentea, bertan jasotako abestiak ezberdinak direlako euren artean. «Beharbada, horren gazteak garenez, barrutik atera zaiguna egin dugu eta ez dugu halako presiorik sentitu», adierazi du taldekideak. Jaialdiz jaialdi Urtea hasi besterik ez da egin, eta Belako jada zereginak finkatzen nahiz datak zehazten hasia da. Iraupen laburreko disko berriarekin batera, udako musika jaialdi entzutetsu batzuetan hartuko dute parte: Primavera Sound, Low Cost, Bilbao Live eta Tres Sesenta dira horietako batzuk, hain justu ere. Helburu nagusia beraien proposamena nazioartera hedatzea da. Mugak gainditzea, alegia. «Aurtengo gure erronka edo ilusioa hori litzateke», jakitera eman du Ximunek. «Espainiako jaialdi gehienetan joko dugu datozen hilabeteetan. Nahiz eta ordutegi onetan ez den izango, hor egotea da gakoa. Esperientzia hori bizi nahi dugu, eta ahalik eta jende gehienarengana iritsi. Baina ez hori bakarrik. Atzerriko taldeekin jotzerakoan gauza asko ikasten duzu, eta horretaz ere baliatu nahi dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide