Aiako Udalak 700.000 euroko partida aurreikusi du Elkanon frontoia egiteko

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko otsailaren 14a

Aiako Elkano auzoa (Argazkia: Aiora Larrañaga) Aiako Udalak 2014ko aurrekontuak onartuta abiatu du urte berria. Aurtengoan 2.715.859 euroko aurrekontua zehaztu du, eta horietatik 936.300 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Aiako alkate Igor Iturainek azaldu duenez, lehentasuna «herritarren ongizatea bermatzeko aiarren beharrak asetzea» izan da. Alde batetik, «gizarte zerbitzuetako partidak mantenduz eta, bestetik, beharrezko inbertsioak egiteko partidak bideratuz», azaldu du. Krisi garaian, ordea, helburua betetzea ez da erraza izaten. «Guretzat esfortzu handia da. Aitortu behar da udalak egoera ekonomiko ona duela, eta aurreko urteetan egin den kudeaketa egokiak, egun proiektu handiak aurrera ateratzeko aukera ematen digula». 2014rako Aiako Udalak aurreikusi duen proiektu garrantzitsuena Elkano auzoko pilotalekua egitea da. «Aspalditik auzotarrek duten eskaera izan da, baina aurten arte ezin izan dugu egin. Gu itxaropentsu gaude. Orain proiektua martxan jarri ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain gaude. Horrek baiezkoa emandakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharko du azken onarpena», zehaztu du Iturainek. Turismoa sustatzeko plana Turismoa sustatzea izango da Aiako Udalak 2014rako jarri duen  beste erronka. Urtero egiten dituzten ekitaldiez gain, turismo arloan lan egiten duten eragile guztiekin elkarlanean Turismo Plana osatzea da udalaren asmoa, datozen urteetan jarraitu beharreko estrategia bat markatzeko. «Potentziala eta erakargarritasuna badu Aiak. Pagoetako Parke Naturala dugu, urtean zehar bisitari gehien jaso dituena. Zarauztik eta Donostiatik gertu gaude, eta eskaintza erakargarria dugu. Orain eragileen sinergiak aprobetxatu eta elkarlanean hastea falta zaigu», azaldu du Iturainek. Aiako Udaleko 2014ko aurrekontua Inbertsioak:
  • Eskola berriaren lehen fasea eta lokala: 25.000 euro.
  • Lardizabal eskola: 3.000 euro.
  • Kimu haur eskolaren egokitzapena: 300 euro.
  • Evai industrialdearen urbanizazioa: 60.000 euro.
  • Energia aurrezteko lanak: 2.500 euro.
  • Liburutegiko funtsa eskuratzeko: 5.500 euro.
  • Elkano auzoko frontoia: 700.000 euro.
  • Bide konponketak eta azpigieturak: 110.000 euro.
  • Turismoaren garapena: 20.000 euro.
  • Altxerriko kobaren erreplika: 10.000 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide