Azkoitiko Matadeixen Antzerki Jardunaldiak egingo dituzte bosgarren urtez. Ohiko formatuari eutsi, eta otsailetik ekainera bitartean Euskal Herrian ekoitzitako obra ugari eskainiko dituzte. «Antzerki profesionalaren eta amateurraren muga oso lausoa da, denek dena ematera irteten baitute. Pertsona konprometituen atzetik ibiltzen gara gu», adierazi dute antolatzaileek.
Irizpide horietatik abiatuta prestatu dute egitaraua, eta askotariko emanaldiak izango dira igandetik aurrera. Gainera, herriko eta eskualdeko hainbat artista igoko dira taula gainera; besteak beste, Koldarrak Azkoitiko antzerki taldeak eta Odei Arregi azkoitiarrak hartuko dute parte, «herriko taldeei bultzada emateko asmoz»; Erika Olaizola eta Ane Arenas azpeitiarrek, berriz, jardunaldiak itxiko dituzte.
Azken urteetan bezala, umeei zuzendutako saio bat ere izango da egitarauaren barruan, eta aurten Arregi izango da horretaz arduratuko dena, ipuin kontaketen bidez. Antzerkiez gain, ikus-entzunezkoak eta antzeko emanaldiak ere txertatu dituzte azken urteetan; hala, oraingoan Miriam Luki eta Concetta Probanzak hitzak eta margoa uztartuko dituzte
Euslandia emanaldian, «euskaltasunaren inguruko gogoeta eginez».
Urtez urte indarra hartzen joan diren jardunaldiak dira Matadeikoak, emanaldiek erantzun beroa izaten baitute: «Publikoak oso ondo erantzuten du, bai herrikoek, bai ingurukoek. Publiko finko bat dugu, eta horrez gain inguruko jende asko etortzen da».
Igandean, Satisfaktion
Khea Ziater antzerki taldearen
Satisfaktion obrarekin hasiko dituzte topaketak igande honetan. Alex Gerediagak zuzendutako lana da S
atisfaktion, eta Maria Urzelai aktoreak Kriss eta Mini Loff pertsonaien rolak lantzen ditu. Eskarmentu askoko aktorea da Kriss pertsonaia, urteak baitaramatza mota guztietako lokaletan bere obrak antzezten. Zuzendari ospetsu baten filmeko protagonista izateari uko egin dio orain gutxi, haurdun zegoelako. Orain, berriro itzuli da agertokietara, eta antzeztu gabe geratu zen Mini Loff prostitutaren pertsonaiaren azalean sartuko da.