Aurkezpenean bi lagun izan baziren ere, hiruren artean landu dute Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera bekarako proposamena. Laida Aranburu, Usua Garin eta Ekhine Muguruza lehenbizikoz elkartu, eta herriko migrazioari buruzko dokumental original bat egiteko asmoarekin aurkeztu dira deialdira. Muguruza errealizadorea da, Garinek Bainet ekoiztetxean egiten du lan ekoizpen arloan, eta Laida Aranburu Ikus-entzunezko unibertsitate ikasketetako laugarren mailako ikaslea da. Ogibide hori dutenez, dokumentalgintza lantzeko aukera paregabea dela diote. Bestalde, herritarrengana heltzeko bide eraginkorra eta freskoa dela iruditzen zaie formatua.
Zergatik erabaki zenuten deialdira aurkeztea?
Usua Garin: Bakoitzaren profila kontuan izanda, talde ona osatzen dugula iruditu zitzaigun eta horregatik animatu ginen. Eta, egia esan, ezustekoa izan da irabazi dugula jakitea.
Laida Aranburu: Bai, ezusteko ona izan da, eta gogotsu gaude lanari ekiteko.
Dokumental formatua aukeratu duzue. Zergatik? Zein da zuen asmoa?
L.A.: Gaia herriko migrazioa lantzea denez, aukera paregabea iruditu zaigu dokumentalgintza lantzeko. Pixkanaka joango gara ikusten proiektuarekin aurrera nola egin; izan ere, dokumentalaren prozesua gorabeheratsua da, eta norabide aldakorra izaten duenez, erabakiak bidean hartzea eskatzen du horrek. Esperientzia bidezko lanketa izango da guretzat, geuk ere protagonistak ezagutu eta haien bizipenak jasoko ditugulako.
U.G.: Helburua Zarautzek duen aniztasuna islatzea da. Ohartu ginen geu zarauztarrak izanda migrazioa kanpotik bizi genuela, ez ginela kontziente Zarautzen dauden errealitateez. Hori guztia azaleratzea da gure asmoa. Eta, bide batez, integrazioa bultzatzea.
Nola egingo duzue lanketa?
U.G.: Migratzaileak berak izango dira informazioa eman eta bizipenak kontatuko dizkigutenak, horiek izango dira gure dokumentaleko protagonistak. Horien esperientziekin mamituko dugu. Eta, hain zuzen, horiek izango dira bidea markatuko digutenak. Printzipioz, zarauztarrekin eta Zarautzen bizi diren kanpotarrekin bilduko gara, hainbat errealitatetako pertsonekin.
L.A.: Hori da lortu nahi duguna: beraiek informatzea istorio eta bizipenen bidez. Begirada osatu bat transmititu, guztien errealitateetatik abiatuta. Formari dagokionez, ideia originalena lantzen saiatuko gara.
U.G.: Testigantza soilak biltzetik haratago joan nahi dugu.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide