Gaur San Valentin eguna ospatuko dute milaka bikotek eskualdean, Euskal Herrian eta, oro har, mendebaldeko gizarteetan. Asko ez dira jabetu ere egingo, ordea, egun horrek erreproduzitzen duen maitasun ereduaz. «Gizartean errotuta dagoen maitasun erromantikoa naturala eta berezkoa dela barneratu dugu jaio garenetik, eta ez da zalantzan jartzen. Guk nahi dugun maitasuna al da hori? ala sistema patriarkal kapitalistak bizi-bizirik eta martxa onean jarraitu dezan ezarri diguten tresna bat da?», galdegin dute Zumaiako gazte mugimenduko kideek.
Zumaian mugimendu feministak azken urteetan indar gutxi izan badu ere, gazteen artean sumatu dute badagoela interes berezi bat genero sistemekin erlazionatutako gaien inguruan. «Maitasun erromantikoa da horietako bat, modu informalean gero eta gehiago jorratzen dugu gaia lagun artean, eta horren inguruan hausnartzeko beharra genuela ikusi genuen», azaldu du Maddi Gallastegi gazte mugimenduko kideak. Horregatik antolatu dute biharko maitasun erromantikoaren inguruko tailer bat. 11:00etan egingo dute, Torreberri gaztetxean. Egitasmo horrekin ez dute maitasun eredu bat baztertu eta beste bat ontzat eman nahi; hausnarketarako ateak irekitzea da beren asmoa. «Tailerra esperientziak elkar trukatzeko gunea izatea nahi dugu, eta nahi gabe sistemak ezarri digun maitasun eredua behin eta berriz erreproduzitzen dugula ohartarazi nahi dugu», adierazi du tailerreko gidarietako bat izango den Maddi Altunak.
Lehen tailerra izango denez, gaia modu sinple batean gizarteratu nahi dute, «parte hartzaile guztiak eroso sentitu daitezen eta norbere esperientziatik ekarpenak egin ditzan». Zumaiako gazte mugimenduko kideen iritziz «sistema patriarkal kapitalistaren mesedetan» eraikita dagoen maitasun eredua da maitasun erromantikoa. «Ezaugarri jakin batzuk ditu: heterosexuala, esklusiboa, inongo baldintzarik gabekoa eta menpekotasunean eta botere harremanetan oinarritutako maitasuna da». Hala ere, herritar askori ez die atentziorik emango ezaugarri horiek, aspalditik harreman mota horiek normaltzat hartu izan direlako.
Bestetik, pertsona bat jaiotzen denetik sistemak generoaren araberako rol jakinak ezartzen dizkiola uste du Altunak: «Maitasunaren kasuan, gainera, rol horiek areagotu egiten dira. Emakumeoi printzesa papera ezartzen digute; sentiberak eta esanekoak izan behar dugu, eta babestuko gaituen pritze urdinak limurtu zain egon. Ezaugarri horiek guztiz baldintzatzen gaituzte, eta gure bizitza horren arabera eraikitzen dugu», zehaztu du.
Gizonezkoei ere, ordea, rol jakinak ezartzen dizkie gizartean errotuta dagoen maitasun ereduak. «Gizonek indartsuak eta babesleak izan behar dute. Azkenean, txikitatik ipuinen eta filmen bitartez barnerarazi diguten irudia da bizitzan zehar erreproduziarazten digutena», adierazi dute.
«Naturala al da?»
Zenbaitek printze-printzesa bikote eredua gaur egungo bizimodutik eta pentsakeratik urrun dagoela uste badute ere, gazteentzat eredu hori «itxuraldatuta bizi-bizirik» dago gizartean. Eta «oso zaila» da eredu horretatik ihes egitea, «jaiotzen garenetik sistemarekin bat etortzeko eta sistemak funtzionamendu egokia izan dezan ezartzen diguten sinesmena baita». Etxean, hezkuntza sisteman edo egunerokoan «behin eta berriz elikatzen da eredua. Erakutsi digute maitatzeko modu hori naturala eta berezkoa dela». Mendebaldeko gizartean maitatzeko modu bakarra dagoela onartzen dute herritarrek, eta «naturaren aurkako» ulertzen dira beste kultura edo gizarte eredu batzuetan errotuta dauden maitatzeko moduak. Gazte mugimenduko kideei zaila egiten zaie sinestea naturala denik «botere harremanetan, menpekotasunean eta sakrifizioan» oinarritzen den maitasuna. «Bakardadearekiko beldurra zabaltzen du, eta bikoterik gabe zoriontasunik ez dagoela sinestarazi». Hurrengo galdera bota dute gazteek: «Naturala al da zoriontasuna oztopatu eta pertsonaren autonomia zalantzan jartzen duen maitatzeko modua?»