Orioko IV. Mendi Lasterketa antolatu du Ikastolak

Karkara.eus 2014ko ots. 13a, 13:30

20 kilometro eta 1000 metroko malda positiboa izango ditu ibilbideak

Orioko Mendi Lasterketaren laugarren edizioa antolatu du martxoaren 30erako Orioko Herri Ikastolak. 20 kilometrokoa izango da ibilbidea, Ikastolan bertan hasi eta bukatuko dena. 100...

20 kilometro eta 1000 metroko malda positiboa izango ditu ibilbideak

Orioko Mendi Lasterketaren laugarren edizioa antolatu du martxoaren 30erako Orioko Herri Ikastolak. 20 kilometrokoa izango da ibilbidea, Ikastolan bertan hasi eta bukatuko dena. 1000 metroko desnibela edukiko du horrek, gehieneko altuera 364koa izango delarik, Kukuarri mendiarena hain zuzen.

Lasterkariak ikastolatik abiatuko dira 10:00etan San Martin ermitarantz. Erretzabal gaina igaro ondoren, Etxaiz baserritik Orioko Bentara korrika egingo dute, eta handik Kukuarrira. Gero, Puntarriko bidegurutzetik pasata, Luxarbe baserrira inguratuko dira, eta handik Itxaspe baserrira jaitsiko dira. Hondartzatik, Udal Kanpina pasatu eta San Juan ermitako bidea hartuko dute berriz ere puntako bidegurutzera iritsi arte. Andu baserritik igaroko dira korrikalariak, Txankako gainetik gero, eta Kirol-portuko errotondara jaitsiko dira, azkenean ibilbidea Ikastolan amaitzeko.

Ibilbidean zehar bi kontrol puntu egongo dira, Kukuarrin lehena eta hondartzan bigarrena. Bestalde, helmugakoaz gain, hiru horniketa puntu jarriko ditu antolakuntzak, kirolariek freskagarriak eta produktu energetikoak eskura izan ditzaten.

Hauek izango dira lasterketako sariak:

Gizonezko/emakumezko nagusiak
1. Txapela, garaikurra eta 120 euro
2. Garaikurra eta 80 euro
3. Garaikurra eta 60 euro

Gizonezko/emakumezko nagusiak-Oriotarrak
1. Garaikurra eta 80 euroko bonoa Itziar Kirolak dendan gastatzeko

18 urtetik gorako pertsonek bakarrik parte har dezakete lasterketan, bi maila desberdinetan: emakumezkoena eta gizonezkoena. Izen ematea internet bidez soilik egin daiteke martxoaren 28ra arte, www.kirolprobak.com webgunean. Lasterketa egunean ere, parte-hartzea 400 lasterkarien mugara iritsi ez bada, izena emateko aukera egongo da 8:30etatik 9:30ak arte. Inskripzioagatik 17 euro ordaindu beharko ditu txip horia duen lasterkariak, 18 euro txipik ez duenak, eta 25 egunean bertan izena ematen duenak.

Antolakuntzak parte-hartzaile guztiei osasun-azterketa egitea gomendatzen die, norberak bere gain hartu beharko baitu kirol jarduerak dakarren arriskua.

Informazio gehiago hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide