Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herrien historia herritarrek egiten dute, eta haiek egindakoak eta desegindakoak. Hala, herriko hainbat eraikin gorde, berreskuratu eta berrerabili egin ohi dira: jauregiak, udaletxe zaharrak, elizak, baselizak, tren geltokiak... Baina, badira desagertu diren batzuk ere. Esaterako, garai batean Urola Kosta eskualdean herriz herri zeuden animalien hiltegi edo matadero ia denak desagertu egin dira. Azpeitiko hiltegi zaharra 2006ko maiatzean eraitsi zuten, esaterako, bertan Soreasuko antzokia eta lur azpiko aparkalekuak egiteko.
Herrietako hiltegien funtzioa bukatu egin zen eskualdeko hiltegia Zestoako Iraetan auzoan sortu eta martxan jarri zutenean. 1989. urtean Urola bailarako baserritarrak Urkaiko kooperatiba sortzeko bildu ziren, euren aziendak merkaturatzeko, eta 1990. urtean Zestoan abereen hiltegia eraiki zuten.
Biziberrituta eta bizirik
Dena den, garai batean abereen hiltegi izandako eraikin bakarren bat bada zutik egun ere: horren adibide da Azkoitiko Matadeixe. Azkoitiko abere hiltegiaren eraikin zaharrena 1861ean eraikitakoa da, baina ondoren erantsi zioten beste zati bat, duela ehun urte: 1914. urtean, hain zuzen.
Gaur egun ere Azkoitiko hiltegi zaharrak bizia du: hiltegia izateari utzi eta gero ere, bizi da. Aurrena Bonba eta Kiriko bi azkoitiarrek txatarra biltzeko eta bizitoki bezala erabili zuten. Gero, 1984. urtetik, herriko hainbat musika taldek bertako lokal batzuetan entseatzeko gunea hartu du. Ondoren, hiltegiko lokal handia (1914an eraikitakoa) atondu eta garbitu eta Matadero Ekintzak- taldeak bere ibilbidea hasi zuen. 1996. urtea zen. Urte bat lehenago Azpeitiko eta Azkoitiko gaztetxeak itxi zituzten, dekretuz.
Matadero Ekintzak martxan jarri zenetik hainbat eta hainbat talde, eragile eta ekitaldi bildu ditu Matadeixek: herriko hamaika musika talderen entseguak (Direccion Obligatoria, Jotakie, Os Gallardos, Akauzazte, Anari, Dislexia, Elvis Terrorista Zen, Despues de nunca, Autoa...), kontzertuak, hitzaldiak, eztabaidak, antzerkia, Bebarruko Jardunek, Zinematogram taldea, txalaparta eta perkusio taldea, liburutegia, hemeroteka, baratzea etab.
Baina Azkoitiko hiltegi zaharra eraitsi eta desagerraraziko lukeen hirigintza proiekturik ere onartu izan da Azkoitiko udaletxean. 2005. urtean Azkoitiko Udalak Hirigintza Planeamenduko Arau Ordezkatzailea aurkeztu zuen. Horren arabera, Ugarte Igara eremuko 6.000 metro koadro inguruko gunearen barruan «hainbat ekipamendu» egiteko plan bat onartu zuten. Aldi berean, Matadeixe bota eta bertan eremu berriarekin komunikatzeko zubi bat eraikitzea onartu zuten.
2011ko otsailean Azkoitiko Udaleko arduradunek Matadeixe botatzeko plana «geldirik» zegoela esan zuten, ordea, erabakia herriko etxebizitza politikarekin lotuz. Hala ere, etorkizunean zer gertatuko den zehaztea ezinezkoa zutela esan zuten. Matadeiko kideek «egoera behin betiko argitzeko» eskatu zuten udalekoen adierazpenen harira.
Azkoitian hiltegi zaharraren hormek zutik eta bizirik diraute. Baina eskualdeko beste batzuk desagertu egin dira: Azpeitikoa eta Zarauzkoa, kasu. Zestoan ere plazatik gertu bazen bat.
Hiltegi horiek denak martxan ezagutu zituen Jose Antonio Mendizabal azkoitiarrak. Lanbidez harakina izandakoa da, eta garai hartako kontuak ekarri dizkio gogora HITZAri.
Mutil koskorra zela hasi zen harakinaren ofizioa ikasten. «13 urte bete berritan, aitarik gabe gelditu nintzen. Osabak harakinak nituen, eta neuk ere lanbidea ikasi behar nuela esan zidaten orduan», gogoratu du Mendizabalek. «Gure amak eskola handirik ez nuela esan zien osabei. Niri hura entzutea ez zitzaidan asko gustatu, eskolan ona bainintzen. Hala esan nien: Nik erro koadroak, erro kubikoak... egiten badakit. Zarauzko osabak horiek denak alferrik nituela esan zidan, gehitzen eta bidertzen jakitearekin nahikoa nuela harakin jarduteko».
Ofizioa ikasten Zarautzen hasi zen Mendizabal, osaba Leocadiorekin, 1947. urtean. Zarautzen hasi, baina gero Azkoitian segitu zuen harakin lanean. «Ikasi osabarekin ikasi nuen hasieran. Baina, gero, norbere kasa ikasten joaten da, lanean. Autoa gidatzerakoan bezala da: ikasi egiten da, baina gero bakoitzak jarraitzen du bere erara ikasten».
Mendizabaldarrek Azkoitian «betitik» zuten harategia, eta Zarautzen ikasi ondoren etxeko harakindegira itzuli zen. «Hasieran aitak zuen harategia Azkoitian, eta hura gazte hil zen. Orduan, amak jardun zuen bertan, beste mutil batzuek lagunduta. Gero, ordea, neu ere segituan hasi nintzen han lanean», kontatu du Mendizabalek. 13 urterako arkumeak berak hiltzen zituen. «Pieza txikiak geuk hiltzen genituen. Gero, denak hiltzera hiltegira eramateko agindua etorri zen». Orduan, haragitarako abere guztiak herriko hiltegietara eramaten zituzten. «Herri guztietan zegoen hiltegia, eta gehienetan herri erdian: Azkoitian bazen, Azpeitian ere bai, baita Zestoan ere. Zestoan plaza ondoan zegoen, garaje moduko toki batean. Azpeitiko hiltegia ederra zen, parrokiaren atzean».
Hondakinak, ibaira
Herrian «kale-kalean» zeuden, eta hondakin guztiak ibaira isurtzen zirela kontatu du Mendizabalek. «Usain handia zabaltzen zen ingurura», dio. Ibaian eta itsasoan hiltegietako hondakinen arrastoak nabarmenak izaten zirela gaineratu du. «Nik ezagutu nuen Zarautzen, itsasoan, ur gainean abereen tripak, larrua... egoten zireneko garaia. Hiltegia itsasotik 500 metrora baino gutxiagora zegoen, San Pelaion, trenbidearen ondo-ondoan. Udan abere asko hiltzen zen, kanpotar asko egoten zelako. Baina tripaki askorik ez zuten saltzen, eta batere garbitu gabe ibaira botatzen zituzten. Oraingo Argiñano jatetxe inguruan, kanalean barrena, itsasora joaten ziren, eta itsasoan korrontearekin batetik bestera ibiltzen ziren. Gaur halakorik ikusiko bagenu! Poltsa berde-berdeak ikusten ziren uretan. Batzuek esango zuten zer ote zen hori, baina guk ederki genekien... Urrutitik ikusten ziren», kontatu du.
Baserritarrekin zituzten harremanak ere gogoratu ditu azkoitiarrak. «Neu joaten nintzen baserrietara, tratura; baserritarrak prezio bat jartzen zuen eta nik beste bat, azokan bezalaxe. Artean ez zen kamionik eta sokarekin eramaten ziren animaliak hiltegira; oinez. Han hil eta gero karroarekin harategira eramaten genituen. Orduan, baserritarrari berea izandako aberearen gibelaren zati bat ematen zitzaion, zapian bildu eta jateko baserrira eraman zezan».
Herrietako hiltegietako kontuak Iraetakoa egin zutenean bukatu ziren. Bailarakoa egin zen, eta besteak itxi egin ziren.