Karlos Perona: Bizitzan zehar klarinetea eskuan

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 13a

Oriotar askori arraunlarien ongietorriko doinuak entzun orduko Karlos Peronaren irudia datorkio gogora. Ezagutzen zutenek «musikari apala eta langilea» izateagatik gogoratzen dute; klarinetea hartuta gazteei musikarako zaletasuna zabaltzeko prest zelako beti. Perona herenegun hil zen 92 urterekin, baina oriotarrek beti izango dute gogoan. Izan ere, 1975-1976an herriko txaranga sortu zuen seme, lagun eta familiako kideekin, eta klarinetea eskuan hartuta hamaika aldiz alaitu zituen arraunlarien ongi-etorriak. Joseba Aparicio musikariak hala gogoratzen du: «Txaranga sortzeko ezinbesteko pieza izan zen. Oriok estropada bat irabazi orduko instrumentua prest jarri eta deika hasten zen guztiok bildu eta plazara hurbiltzeko. Peronatar kastako aitona: beragatik izan ez balitz, Orioko txarangarik ez litzateke izango», azaldu du. Herrian musika doinuak zabaltzeaz gain, musikarako zaletasuna ere zabaldu zuen: hainbat gazteren artean alde batetik, eta bestetik, familian; semeek eta bilobek, denek jarraitu dutelako aitonaren grina. paiora larrañaga

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide