Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat arratsaldean Zumaiako XXX. Herri Lasterketa jokatuko dute; gainera, ekitaldi berezia izango da asteburukoa, 30 urte beteko baititu kirol probak. Iaz bezala, hiru lasterketa hartuko ditu bere barruan kirol probak. Haurren lasterketa izango da aurrena, 15:00ak inguruan. Ondoren, 15:45ak inguruan, patin lasterketa abituko dute, eta 14 kilometro eta 400 metrotako ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek. Arratsalde partean, 18:00etan abiatuko dute Lasterketa Nagusia. Aurtengoan ahal den herritar gehienek proban parte hartu dezaten bi ibilbide osatu dituzte: motzak 5,6 kilometro izango ditu eta, luzeak, berriz, 10,2 kilometro.
Garai berrietara egokituta
Hogeitamar urtetan zehar Zumaiako Herri Lasterketak garai berrietara egokitzen jakin izan duela uste dute antolatzaileek. «Hasiera hartan futbola, pilota eta arrauna bezalako kirolak bogan zeuden garaian, korrikarako zaletasuna sustatzeko sortu genuen proba», gogoratu du Fran Aizpuru Zumaiako Udaleko Kirol teknikariak. Helburua beteta, bi ibilbideak antolatzera animatu ziren, «herritarrek lasterketen munduan murgiltzeko aukera izan zezaten». Iaz lehen aldiz, berriz, patin lasterketa ere antolatu zuten. «Duela 30 urte mota horretako lasterketa bat antolatzea ez genuen pentsatu ere egingo, baina Zumaian patinetan ibiltzeko zaletasuna indarra hartzen ari da, eta polita iruditu zitzaigun lasterketa berezi hori abiatzea», azaldu du.