Zumaiako udalbatzarra (Argazkia: Zumaiako Udala).
Herenegun Zumaiako alkateak ezohiko udalbatzarrera deitu zuen hilaren 5ean Cadizko Puerto I espetxean hil zen Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza salatzeko, «gaiak trataera berezi bat merezi zuela» iritzita. Belloni zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkion, eta zigorraren bi herenak beteta zituenez, aske egoteko baldintzak betetzen zituen berez.
Bilduk eta Aralarrek parte hartu zuten ezohiko udalbatzarrean, baina EAJ eta PSE-EE ez ziren agertu. EAJk izan duen jarrera hori salatu du udal gobernuak ohar bidez. Ohar horretan azaldu dutenez, udal gobernuaren asmoa «EAJren ekarpena jaso eta adostasun batera iristea» zen mozioa bozkatu aurretik. EAJk bilera horretara eta udalbatzarrera ez bertaratzearen arrazoiak beste ohar batean eman ditu: «Bilduko eta Aralarreko udal gobernuak udalbatzarraren eta udalbatzaren erabilera alderdikoia egiten du». EAJren iritziz, «gaiak batzorde informatzaileetan» aztertu behar izaten dira, zumaiar guztien ordezkarien artean gaiak eztabaidatu eta ekarpenak egiteko. «Baina gai hauetarako ez dago udalbatzarrik, ez ohikorik, ezta ezohikorik ere, eta alkate dekretuz onartzen dira, zumaiar zati handi baten ordezkarien iritzia lapurtuz».
Udal gobernuaren iritziz gatazkaren konponbidean eta espetxe politika eta sakabanaketari bukaera emateko «indar metaketa» ezinbestekoa da, eta EAJk «gaiaren aurrean erakutsitako jarrerak» bide horretan ez duela lagunten uste dute: «Jarrera horrekin argi geratu da gatazkaren konponbidean EAJk duen jarrera zein den», salatu dute. Zumaiako EAJk ordea, argi utzi nahi izan du Arkaitz Bellonen heriotzaren inguruko «erabateko argiketa» eskatzen duela, beren alderdiko «ordezkari guztiek egin duten moduan». «Gainera, pertsona ororen giza eskubide guztien errespetua eta horien errespetuan oinarritutako eta inolako salbuspenik ez duen espetxe politika» eskatzen dutela azaldu dute.
Mozioa, aurrera
Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin onartu zen mozioa. Hala, Zumaiako Udalak «bat egin du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminarekin eta atsekabearekin, eta bere elkartasuna adierazi dio familiari une latz horietan». Eskaera bat ere egin du udalak: «Era berean, irmoki eskatzen dugu Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala, gardentasun osoz. Horregatik, udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin», eta «salbuespeneko» espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko eskatu du.