"Urte gogorra" Martirietan

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 13a

Azkoititik Martirieta auzorako errepidea, luizia bertan gertatu zen. (Argazkia: Ane Olaizola) Atzo urtea bete zen Azkoitiko Martirieta auzoan luizi handi bat gertatu zenetik. Asteetako euriteen ondorioz, goizean hasi zen lurra mugitzen, kalte handiak eraginez inguruko lur-sail eta bideetan. Zauriturik ez zen izan, baina GI-3172 errepidearen zati bat eraman zuen luiziak, auzotarren egunerokotasuna erabat trabatuz; konpondu dituzte lan guztiak, eta Martirietako bizilagunak normaltasunera itzuli dira. Dena den, «urte gogorra» izan dela azpimarratu dute baserritarrek. Martirietako bizilagunek ondo gogoan dute iazko egun euritsu hura: «Lurra mugitzen hasi zen momentutik ikusi genuen guztia. Semeak esan zidan: etxeko pinuak etzaten hasi dira. Gorago begiratu, eta goiko zelai guztia behera joan zela ikusi genuen», adierazi dute Agarre Zahar baserrikoek. Aurrez aurre dute horiek luizi ikaragarria gertatu zen lekua. Egun «beldurgarriak» izan zirela gogoratzen dute baserritarrek; «enkarguetara joan nintzen goizean, eta handik bueltan lur pixka bat ikusi nuen errepide bazterrean. Etxean aipatu nuen, baina besterik gabe geratu zen kontua. Gero, bizilagun batek deitu zidan, esanez luizi batek errepidea eraman zuela. Bertara joan, eta orduantxe zihoan guztia behera. Beldurgarria zen, ikaragarrizko zarata ateratzen zuten harriek eta zuhaitzek», gogoratu du Amustegi baserriko Maria Jesus Agirrek. Luiziaren ondorioz, auzora joateko errepidearen zati bat guztiz hondatuta geratu zen; «bailara ia isolatuta geratu zen», esan du Amustegiko Blas Aramendik. Egoeraren larritasunaren aurrean, hasiera batean pista bat zabaldu zuten herrira joateko, soilik lur orotako ibilgailuentzako. «Elkarri laguntzen aritzen ginen», adierazi du Iñaki Soraluze Martirietako auzo alkateak. Auzotar bat taxi gidari gisa hasi zen, hango bizilagunek zituzten beharrei laguntzeko, baina askoren egunerokotasuna guztiz baldintzatu zuen errepiderik ez izateak. Askok oinez egiten zituzten etxerako joan-etorriak, eta beste batzuek herrigunean igaro zituzten ondorengo egunak. «Lehenengo egunetan herrigunean egiten genuen lo, senide batzuen etxean. Oinez igotzen ginen etxera, eta janaria eta beharrezko gauzak eramaten genizkien baserrian geratu ziren senideei», diote Amustegin. Errepide nagusiko lanak hasi bitartean, ordezko bide bat zabaldu zuten hainbat astetara, Rezola eremuan; bide estua eta aldapatsua izanik, soilik autoek eta kamioi txikiek erabil zezaketen bidea. Auzoko askok «beldurgarritzat» jotzen dute errepide hura, eta handik igarotzerakoan «arazo batzuk» izan zituztela gaineratu dute. Auzo alkateak adierazi duenez, «jende adindu askok autoa ez hartzea eta kalera ez joatea erabaki zuen». «Beldurrez ibiltzen ginen, eta ahalik eta buelta gutxien egiten genituen», gaineratu dute Amustegi baserrian. Lanera, ikastetxera edo medikuarengana joan beharraz gain, baserriak beste hamaika eginbehar eskatzen ditu; animaliei pentsua ematea, egurra botatzea... Eta horretan ere arazo ugari izan zituzten errepidea konpondu bitartean. «Bi baserritan, esaterako, egurra botatzen ari ziren, eta geratu egin behar izan zuten, eta botata zuten egurra beste pista batetik eraman. Lanak konpondu bitartean, ez zuten egur gehiago botatzerik izan. Pentsuaren kasuan, lehen kamioia etortzen zen, eta ezbeharraren eraginez kamoi txikietan egiten zuten banaketa». Egoera horretan, Martirietako giroa bera hilabete horietan asko galdu zela oroitzen du Korta baserriko auzo alkateak. Kalteak lur sailetan Kalteak nabarmenak izan ziren inguruko lur sailetan. Amustegin eta Agarre Zaharren, esaterako, pinudiak eta beste hainbat zuhaitz galdu zituzten. Agarre Zaharreko baserritarren lur saila izan zen kaltetuenetako bat: «Pinudi ia osoa galdu dugu, eta pena handia izan da, horien etekinak eskura genituelako». Errepidea eta ingurua konponduta, haritzak, gaztainondoak eta intxaurrondoak landatu ditu aldundiak lur horietan. Amustegin, berriz, 6.000 euroko kalteak zenbatu dituzte. «80 zuhaitz inguru eraman zituen lurrak, duela 40 urte landatutakoak. Bertako zuhaitzak ziren; pagoa, haritz eta lizarra. Lur saila ere ezin izan dugu berreskuratu, konponketa lanetarako lur gehiago hartu behar izan baitzuten handik». Hala adierazi du Aramendik. Bizi osoa darama baserrian bizitzen, eta hain zuzen, bera izan zen bere garaian errepide hori egiten aritu zenetako bat. Duela 50 urte inguru auzolanean egin zuten errepidea. 33 urte zituen orduan Aramendik: «Martirietako 36 baserritar inguru aritu ginen kaletik auzorako errepidea egiten, ia bi urtez. Goizean goiz irteten ginen, zakuan ogitartekoa hartuta. Makinarik gabe egin genuen; orduan, pertsonak ginen makina», adierazi du. 2013a urte gogorra izan dela aipatu dute baserritarrek, «psikologikoki asko eragin digu guztiak», esan du Agirrek. Dena den, udan errepidea konpondu zutenetik normaltasunera itzulia da auzoa. «Sei hilabete luzeak izan ziren, baina ohikotasunera itzuli gara guztiak, eta auzoko giroa ere berreskuratu da», iritzi dio Soraluzek. Oro har, gustura dira egoera hobetzeko egin dituzten lanekin, baina erakundeen jarrerekin kritiko azaldu denik ere bada: «Askotan babesik gabe sentitu gara udalaren partetik. Ez dugu ia azalpenik jaso, eta erakundeek pilota elkarri pasatzen jardun dute. Ahaztuta sentitzen gara askotan, eta luiziarekin are gehiago sentitu gara. Horrez gain, berandu ere ibili dira hainbat kasutan; besteak beste, ordezko biderako bidegurutzea oso arriskutsua zen, eta istripu bat gertatu ondoren jarri zituzten neurriak», esan du Maria Jesus Agirrek. Kritikekin jarraituz, Amustegi baserrikoek salatu dute luiziaren eraginez, oraindik orain, Iberdrolako kable bat agerian dutela, horrek dakartzan arriskuekin: «Lehen lur azpian zegoen, eta luizia gertatu zenean agerian geratu zen, gure lurretan. Halaxe jarraitzen du; okerren bat gertatu arte...».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide