Mozorro trukerako azoka antolatu dute kale hezitzaileek hilaren 26rako

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 13a

Iazko Zarauzko inauterietako irudi bat. Inauteriak gerturatzen ari dira, eta Zarauzko kale hezitzaileek mozorroak trukatzeko azoka bat antolatu dute hil honen amaierarako. Otsailaren 26an egingo dute, hain zuzen. Ahalik eta mozorro gehien biltzeko eta trukea errazagoa izan dadin, aurrez hasiko dira horiek biltzen. Egoera onean eta erabiltzeko moduan dauden jantziak jasoko dituzte: izan mozorro osoak, izan jantzi solteak, txanoak, osagarriak, ezpatak eta antzerakoak, ileordeak, galtzak nahiz maskarak, besteak beste. Antolatzaileek jakinarazi dute ez dutela onartuko hondatuta edo egoera txarrean dagoen mozorrorik. Horiek Zarauzko kale hezitzaileen lokalera eraman beharko dira, Zuberoa kaleko 20. zenbakira, astearteetan zein ostiraletan, 12:00etatik 14:00etara. Otsailaren 25a baino lehen egin ahalko da hori. Mozorro trukerako merkatua Lege Zaharren Enparantzan egingo dute hilaren 26an, arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara.  Egun horretan bertan ere eraman ahalko dituzte zarauztarrek erabiltzen ez dituzten mozorroak azoka horretara. Bertaratzen den jendearekin zuzenean trukatu ahalko dituzte mozorro horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide