Zarauzko merkatu plaza (Argazkia: Leire Ventas)
Zarauzko Udalak Merkatu Plazako postuak arautzen dituen ordenantza aldatzeko asmoa du. Izan ere, Mikel Goenaga Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi du «hainbat muga» dituela egun indarrean dagoen legediak. Merkatuko orain arteko jarduera mantendu eta gune dinamikoa izaten jarraitu dezan ordenantza zabaldu nahi du erakundeak, hala. Ildo horretatik, herritarrek proposamenak egin ahalko dituzte: merkatuan hutsik dauden gunetan zer postu jarriko lituzteketen edo zer-nolako produktuak aurkitu nahiko lituzketen jakinarazteko. Otsailaren 18ra bitartean egin ahalko dituzte zarauztarrek iradokizunak. Proposamenak udaletxean edo Etxezabalan aurkeztu beharko dira.
Zarauzko Udaletik azpimarratu dute herritarrek egingo dituzten proposamen horiek horixe direla, proposamenak; alegia, ez direla merkatuan negozio bat ireki ahal izateko baimen eskaerak. Proposamenak jasotzearen helburua ordenantza aldatzea da. Udalak egoki deritzon iradokizunak jaso eta horien arabera aldatuko du egungo legedia.
Hainbat muga
Egungo ordenantzak merkatuko jarduera mugatzen duela azaldu du Goenagak. Merkatu Plazan gehienez bi harategi edo arraindegi egon daitezkeela jasotzen du horrek, esaterako.
Bestalde, bertan sal daitezkeen produktuak ere araututa daudela esan du, eta dagoeneko bertan postua duenari ez diola beste bat eskatzeko aukerarik ematen. Halaber, zenbait postu mantentzeko ere zailtasunak izaten direla ohartarazi du: «Zenbait postu nahikoa finkatuta daude, herritar askok jotzen dute horietara. Beste batzuri, ordea, kosta egiten zaie mantentzea, ez dutelako etekinik ateratzerik lortzen. Ondorioz, askok itxi egin behar izaten dute. Merkatuak bere osotasunean funtzionatu eta bertako jarduera egonkortzeko beharra dago, eta horregatik moldatu nahi dugu ordenantza».
Gaur egun itxitura duten lau postu daude hutsik, baita irekiak diren hiru postu ere. Gune irekiak baserritarrek betetzen dituzte egun, erdiko postuetan. Eguna amaitzean guztia jaso behar izaten dute.
Adjudikazioak, ekainerako
Behin ordenantza berria osatzen dutenean egin ahalko dituzte zarauztarrek legedia berriaren araberako postuen eskaerak. Udalak lehiaketa publiko bidez erabakiko du ondoren postu horiek beteko dituzten onuradunak zein izango diren.
Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi duenez, ordenantzaren aldaketa martxoko plenoan aurkeztea aurreikusi dute. Behin onartuta, merkatuko gune hutsak maiatza eta ekaina bitartean adjudikatzea espero dute.