Moilan traineruak gora eta behera, ibai-ertza zaleez josita, urduritasuna, paladak, zubia gurutzatu osteko txaloak, zaleen oihuak... ez gara Kontxako estropadaz ari, baina bai urteen poderioz ospea hartzen ari den lehiaz: Oria ibaiaren traineru jaitsiera.
1994. Arraunketa olinpikoan egiten ziren jaitsierak, baina urte honetan egin zen lehenengoz jaitsiera kostaldean. 20 urte beteko dituen Oriaren jaitsieraz ari gara, aitzindari izan baitzen. Neguko prestaketa gisa hasi zen; baina motibazio gisa hasi zena usadio bilakatu da, urteroko zita.
Marka guztiak apurtuz
Orain arteko izen-emate kopururik altuena 2010koa zen. Ziklogenesiaren ondorioz jaitsiera bertan behera geratu zen. Aurtengo neguak oraingoz ekarri duena ikusita beldur dira antolatzaileak, eta Babyautoko ordezkariak aurkezpenean esan duen bezala, egun batetik bestera eguraldia zeharo aldatu daiteke. Hegoaizeak arraunerako egun polita ekarri dezakeen bezala, itsasoa guztiz harrotu dezake. Halaber, iragarpenek eguraldi hobeagoa iragarri dute: haize leuna eta euri pittin bat.
2010. urteko kopurua gainditu da aurtengoan, hortaz, eguraldia lagun izatea da antolatzaileen desioa. 79 traineru izango dira; guztira, 1.096 arraunlari. Katalunia eta mediterraneotik datoz ontzi batzuk, 14 hain zuzen ere. Ipar Euskal Herritik bat, Bizkaiatik 25, Gipuzkoatik 19 eta Kantauritik 10. Denboraleak akaso ez, baina horrenbeste ontzik uholde ederra sortu dezakete. Ardura eta kezka dauzkagu, zenbaki potoloak baitira eta behar bezalako erantzuna eman nahi baitiegu, aitortu du Orio Arraun Elkarteko presidenteak.
Aurkezpena laburtzen duen bideoa ikusteko klikatu, hemen.
Lehia eta gozamena
Arraunlariek egutegian gorriz margotzen
duten eguna da datorren larunbata, neguko Kontxa baita berentzat. Batzuk tela
preziatua astintzeko helburuarekin etortzen dira; besteak, aldiz, gozatzera.
Behobiarekin alderatzen zuen Arraun Elkarteko presidenteak popularra
bilakatu denez, batzuk arraunean ondo pasatzera etortzen dira eta beste batzuk
Babyauto bandera irabaztera.
Oriotarren xedea arraunean txukun aritzen den arren bandera irabazteko gogoa daukate. Azken urteetan bandera ez da etxean geratu, eta irabazteak poza emango lieke. Etxekoek etxean bandera lortzea polita izango litzateke oso, eta are gehiago bandera herriko plazan jasoko bada, azaldu du Beñat Solabarrieta alkateak. Lan horretan arituko dira emakumezkoak eta gizonezkoen A eta B taldeak.
Arraun Egunean, arrauna baina gehiago
Interes handiko ekitaldiez osatutako egitarau zabala dago larunbatean, Arraun Eguna ospatuko baita. Arlo ezberdinetako ekitaldiak izango dira, hau da, guztiek ez dute arraunarekin lotura izango. Festa txarangaren musikarekin hasiko da, eta egun osoan herriko kaleetan barrena ibiliko da, girotzen.
12:00 Orioko Arraun Elkarteko harrobiaren aurkezpena Herriko Plazan
Ondoren Pintxo eta Sagardo dastaketa
15:00 Gipuzkoako mus txapelketaren finala Herriko Plazan
16:00 Estropadak Errioan
Ondoren Sari banaketa Herriko Plazan
17:00 Danbolin musika eskolako dantza emanaldia Karela kiroldegian
Kartela ikusteko klikatu hemen.
Egun honen antolaketa ez litzateke posible izango herriko boluntarioengatik ez balitz, beraz, eskerrak eman nahi dizkiete hau guztia aurrera ateratzeko eskaintzen dieten laguntzagatik.