Aitziber Garmendia, aktorea: "Maitasun istorio hau ez dakit nik politikoki oso zuzena den"

Aritz Mutiozabal 2014ko otsailaren 13a

Maiteminduen nazioarteko egunarekin ados, Txalo ekoizpen etxeak umorez beteriko Ondoko hilobiko tipoa maitasun istorioa aurkeztuko du bihar Zumaiako Aita Mari antzokian, 22:00etan. Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) da antzezlaneko aktorea, Iker Galartzarekin batera, eta bien artean irria marraztuko diete ikusleei. Nor demontre da ondoko hilobian dagoen tipoa? Iker Galartzak antzezten duen Pablo pertsonaia da tipo hori. Pablok eta Aiorak, nire pertsonaiak, hilerri batean ezagutuko dute elkar. Bakoitza bere gertuko baten hilobi aurrean egongo da. Aiora alarguna da, duela bost hilabete hil baizitzaion senarra. Pablo, bien bitartean, ama zena bisitatzera joango da. Hori da hori toki bitxia elkar ezagutzeko, ezta? Erabat bitxia da, bai. Beharbada, horrek beste ukitu edo grazia bat ematen dio antzezlaneko kontakizunari. Egia esan, ez da oso toki polita maitasun istorio bati hasiera emateko. Dena dela, toki oro izan liteke balekoa horretarako. Zalantzarik gabe. Baina nire pertsonaia senarraren hilobira doala jakinda, ez dakit nik politikoki oso zuzena den. Zalantzak sortuko al zaizkio? Senarraren hilobiaren aurrean eseri eta bakarrizketan hasten denean, senar-emazte erlazioa zer izan den konturatuko da Aiora. Suertatutako zerbait bezala eta pasiorik gabekoa izan zela hausnartuko du. Sekula ez zirela haserretu, ez zutela eztabaidarik izan, eta iritziak baino ez zituztela partekatzen ekarriko du gogora. Bernardo Atxagari eta Arthur Schopenhauerri buruz aparte ez zutela apenas hitz egiten, alegia. Erlazio erosoa izanagatik ere, mamirik ez zuela izan. Bi pertsonaia guztiz bestelako dira. Nola sortuko da bien arteko sua? Bi muturrek bat egingo dute. Oso ezberdinak dira Pablo eta Aiora, eta hasiera batean ez dira ongi eramaten; bata baserri mundukoa da, eta bestea hiritarra. Gainera, Aiorari nazka ematen diote Pabloren esku zikinek, eta Pablok ere ez du begi onez ikusten Aiora, zurbila eta kaleumea delako. Elkarren arteko begirada batek  guztia aldatuko du, ordea. Begiak gurutzatu eta irribarre egingo diote elkarri, eta une horretan piztuko da bien arteko sugarra. Komedia erromantikoa deituriko istorio horietako bat dirudi. Komedia da hizki larriekin, baina maitasun istorio bat dago eta kontakizunaren haria horixe da. Komedia erromantikoa da, dudarik gabe, baina zati komiko oso nabarmenak ditu. Obraren jatorrizko egilea Katarina Mazetti suediarra da. Euskarara itzultzeaz gain, euskal gizartera ere moldatua al dago? Itzulpena Iker Galartzak berak egin du. Oso itzulpen biribila egin duela iruditzen zait, gainera. Gaztelaniazko bertsiotik egin du egokitzapena; hau da, Maribel Verduk eta Antonio Molerok taularatutako hartatik. Edonola ere, lan pixka bat eman dio Euskal Herrira ekartzeko orduan. Baserri giroa ez da gaztelaniazko granja delakoaren berdina, eta horretan aritu da buru-belarri. Nire ustez, bete-betean asmatu du. Bikote antzezlana da: Galartza eta zu baino ez zarete igotzen agertokira. Antzezlanean Aiora eta Pablo maitemindu egingo dira. Zuok biok ere maila profesionalean maitemindu egin al zarete? Sekulako kimika egon da Galartza eta bion artean antzezlana ontzerakoan. Harreman oso ona egin dugu. Gainera, hasieratik oso garbi geneukan nolakoak izango ziren gure pertsonaiak. Izan ere, Galartzak egokitzapena egin zuenean emakumezkoaren papererako nigan pentsatu zuela esan zidan. Hori horrela, testua irakurtzerakoan oso nire sentitu dut pertsonaia. Bestalde, aktore bezala asko gustatzen zait Galartza, eta hortik aurrera lagun onak bilakatu baldin bagara, zer gehiago eska dezaket. Bira hau gozamen ikaragarria izaten ari da. Gipuzkoako Hitza-n idazten duzun iritzi zutabean, antzezlana estreinatzekotan zinetenean, zera idatzi zenuen: «Lanik zailena Ikerren ondoan egon eta barreari eustea izan da». Hala da. Bera askotan ez da konturatzen, baina sekulako indar komikoa du. Oholtza zapaldu bezain pronto, niri barregurak ematen dit askotan. Joan den batean, Arrigorriagan, uste dut, antzezlanean zehar bi barrealdi izan genituen, eta ezin izan genion eutsi. Zailena horixe izan da, gainerako guztia erraza egiten baizaigu. Azkenaldian antzerkian murgilduta zabiltza: Baginaren bakarrizketak, Wilt eta orain Ondoko hilobiko tipoa. Telebista mundutik desagertu eta zure ibilbidea antzerkira bideratu nahi izan al duzu? Faktore asko izan dira. Madrilera lanera joateko aukera sortu zitzaidan eta zalantzak izan nituen, hemen oso gustura eta eroso nenbilelako. Etxean geratzea erabaki nuen, eta, egia esan, ez naiz damutzen. Bestalde, telebistan egiten ari nintzen produktu mota horretatik aldentzeko gogoa ere banuen. Aktorea naiz, eta ez naiz aurkezle sentitzen, edo ez dut neure burua beste diziplina batzuetan ikusten. Orain arte aktore gisa telebistan zein antzerkian egin ditudan lan guztietan gozatu dut, baina askotan ongi etortzen da distantzia batetik begiratu eta benetan zer egin nahi duzun aztertzea. Hala, antzerkia egin nahi nuela konturatu nintzen. Badakit telebistak eskaintzen dizun egonkortasunik ez duela, baina oso argi izan behar duzu ogibide honetan zer egin nahi duzun eta noraino iritsi nahi duzun, eta horretarako alor batzuk sakrifikatu egin behar dituzula.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide