Laida Aranburu, Ekhiñe Muguruza eta Usua Garinek irabazi dute 'Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera' beka

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 12a

Zarauzko Udalak Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera kazetaritza beka sortu du, herriko migrazioa aztertu eta testigantzak jasotzeko helburuarekin. "Izan ere, gure herria migrazio askotariko prozesutan iritsitako emakume eta gizonen emaitza da. Zarautzek hainbat garai historikotan hartu izan ditu kanpotik etorritako bizilagun berriak, batez ere, joan den mendeko 60. hamarkadan eta azken hamarkada honetan". Beraz, migratzaileak izan ziren eta diren zarauztarren bizipenak, testigantzak eta bizitza istorioak ikertu eta jendarteratzeko sortu du beka hori, hain zuzen,"etorkizunerako lekukotasun horiek behar bezala gordeta geratzeko". Laida Aranburuk irabazi du beka hori, eta Ekhiñe Muguruzarekin eta Usua Garinekin batera gauzatuko du aurkeztutako proiektua. Idatziz zein ikus-entzunezko formatuan aurkez zitezkeen proposamenak, eta epaimahaiak lan talde horrek aurkeztutako ikus-entzunezkoaren originaltasuna baloratu du gehienbat. Ane Eizmendi Aniztasun zinegotziak, Gari Berasaluze Kultura zinegotziak, Ainara Lozanok, Xabier Mujikak eta Julen Aranguren migrazio teknikariak osatu dute epaimahaia. 3.000 euroko ordain saria eskuratu dute horiek, eta  proiektua gauzatzekogutxienez 3 hilabete eta gehienez 6 hilabete izango dute. Bihar egingo dute sari banaketa ekitaldia, 13:15ean Etxezabalan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide