Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren harira pleno berezia deitu zuen alkateak astearte iluntzerako. EAJko zinegotziek ez joatea erabaki zuten, ohar bidez azaldu dutenez, Udal Gobernuak plenoaren erabilpen “alderdikoia” egiten duelako. Udal Gobernuak ere ohar bidez kritikatu du jeltzaleen erabakia: “Hau al da EAJk bizikidetzari egiten dion ekarpena?”. Arkaitz Bellon Blancoren heriotza salatzeko mozioa onartu zuen atzo Udalak, ezohiko plenoan. Espetxe politikaren salbuespen egoerarekin behin betirako amaitzeko eskatzen du Udalak, “pertsona guztien giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren defentsan”. Mozioak Bildu eta Aralarren aldeko botoak jaso zituen; PSEk eta EAJk ez zuten parte hartu. EAJren kritika Udal Gobernuari EAJk ohar bidez azaldu bere erabakia. Lehenik eta behin, Arkaitz Blancoren heriotza deitoratu eta gertaerak argitzea exijitzen dute, salbuespeneko espetxe politikaren amaitzearekin batera: “EAJk sakon sakonetik deitoratzen du bere heriotza eta gertaera honen inguruko argiketa osoa exijitzen du gure alderdiko ordezkari guztiak exijitu duten bezala; halaber, exijitzen du pertsona ororen giza eskubide guztiak errespetatzea, eta haien errespetuan oinarritzea eta ez inolako salbuespeneko espetxe politikan”. Hori esanda, Udal Gobernuak plenoa eta korporazioa interes alderdikoien arabera erabiltzen dituela salatu du EAJk: “Trumoiak jotzen duenean edota beraien interes politiko eta ideologikoen interesetarako bakarrik deitzen gaituzte eta, bitartean, zuzenean aztertzea dagozkigun udal gaien aurrean gutxiespena eta mespretxua jasotzen dugu. [...]