Euskal Herriko Idi Dema lehiako finala Azkoitian izango da

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 12a

2013. urteko Euskal Herriko Idi Dema Txapelketako finala Azkoitian jokatuko dute aurten; larunbatean izango da saioa, eta aurreko urtean puntu gehien lortu zituzten hiru idi pareak lehiatuko dira bertan. Jota Txikiu Azkoitiko idi dema elkarteak antolatu du dema, udalaren eta Euskal Herriko federazioaren babesarekin. Aztadun aiar anaiek, Iñaki Lopategi birletarrak eta Ecomet mungiarrak hartuko dute parte Azkoitiko Gurea probalekuan, eta 1.800 kiloko harriarekin izango dira lehian. 22:00etan izango da finala, eta pisaketak 10:00etatik aurrera egingo dituzte. Irabazleak 1.400 euro, manta eta garaikurra jasoko ditu, eta ondorengoek 1.200 euro eta 1.000 euro irabaziko dituzte. Euskal Herriko finala eta partaideen maila kontuan hartuta, antolatzaileek «herritar ugari» bertaratzea espero dute. Asto proba, igandean Proba zaleek izango dute beste hitzordurik asteburuan; izan ere, Jota Txikiu elkarteak Azkoitiko Isidro Erretegiaren babesarekin antolatu duen II. Isidro Erretegia Saria asto proba ere jokatuko dute igandean, Gurean. Eskualdetik, Azkoitiko Txibilter baserrikoak eta Zumaiako Oikia auzoko Ibai Iruretagoienak hartuko dute parte, eta Alegria bermeotarra eta Maumeko Maiora elkartea ere izango dira igandeko saioan; antolatzaileen arabera, «Euskal Herriko lau astorik onenak» lehiatuko dira orduan. Proban 610 kiloko harria erabiliko dute. Igandean, arratsaldean hasiko da txapelketa, 17:00etan. Ordubete lehenago, berriz, astoak pisatuko dituzte. Lehenengo postuan geratzen denak 350 euro eta manta irabaziko ditu. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnek, berriz, 340, 330 eta 320 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide