Azkoitiko EAJko kideak Hondakinen Mahaiaren azken bilerara joan ez izanak hautsak harrotu ditu taldean. Egun, Azkoitirako hondakinen sistema berria adosteko bigarren fasean da Hondakinen Mahaia, eta hain zuzen, ostegunean egin zuten bileran «akordioa ixteko asmoa» zuten, taldean dauden EH Bilduk, Azkoitia Baik eta Zero Zaborrek ohar bidez jakinarazi dutenez. Horien arabera, «bilera baino ordubete lehenago» EAJko kideek korreo elektronikoz jakinarazi zieten ez zirela agertuko eta «lan taldea utzi» egiten zutela. «Mezua lan taldeko bi kideri soilik bidali ziguten», esan dute. EAJk, ordea, gezurtatu egin du taldea utzi izana: «Ez dugu inoiz esan Hondakinen Mahaia uzten dugunik, soilik azken bilerara ezin genuela joan esan genien, beste zeregin batzuk genituelako. Hala ere, korreo horretan argi eta garbi adierazi genien zein zen gure postura hondakinak jasotzeari buruz».
Azkoitiko Udala osatzen duten alderdiek eta herriko Zero Zabor taldeak osatzen dute egun Hondakinen Mahaia — Azkoitiko atez atekoa EZ Bosgarren edukiontzia BAI plataformak ez du parte hartu nahi izan—. EAJk adierazi du sistema berrirako «ekarpenak egiteko prest» dagoela, baina atez atekoa ez dutela babestuko aurreratu du. Honen arabera, «helburu berdinak ditugu; hasteko %70eko birziklapen tasetara iristea, baina horretarako bide desberdinak ditugu». Era berean, gertatutakoaren irakurketa egin du: «Iruditzen zaigu azken astean egindako kritika, atez atekoa jartzeko hartuta duten erabakia tapatzeko modua besterik ez dela». Taldeak, ordea, ez du oraindik inongo sistemarik erabaki, Hondakinen Mahaiko gainerako kideek argitu dutenez.
Horrez gain, jeltzaleek gogoratu dute uztaileko osoko bilkuraren ondoren «proposamen zehatza» bidali zietela gainerako alderdi guztiei, «eginbeharrak zehaztuta eta ekonomikoki baloratuta», baina erantzunik ez dutela jaso salatu dute.
Jarrerak, «malgutasunez»
Azkoitiko hondakinen lan taldea iazko udan jarri zen martxan, eta hainbat bilera ireki egin zituzten, gutxieneko baldintza batzuk adostu arte. Gero, udalbatzak uztaileko plenoan onartu zituen baldintza horiek, Bildu, Azkoitia Bai eta EAJren aldeko botoekin; bertan onartu zuten 2014ean %70eko birziklatze mailara iristea eta bi urteren epean %80-85eko tasara iristea. «Errefusari ateak itxiko dizkion eta gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua» izatea adostu zuten orduan; era berean, hondakinak sailkatzea «herritar guztion betebeharra» izatea onartu zuten plenoan.
Haren ondotik hasi zuten udazkenean bigarren fasea, sistema berria adosteko. Bilera itxiak egin dituzte ordutik, eta ostegunekoa hirugarrena zen. «Norberaren jarreretatik malgutasuna erakusteko konpromisoa hartuta genuen», adierazi dute Bilduk, Azkoitia Baik eta Zero Zaborrek. EAJk aurkeztutako Legazpiko eredua ziren jorratzekoa azken bileran. «Plenoan onartutako gutxieneko baldintzak betetzeko Azkoitirako sistema eraginkorrena adosteko ahaleginean segituko dugu», aurreratu dute taldeek.