Herriko kultur eragileak elkartu eta guztien artean agenda koordinatua osatze aldera, Kultur Mahaia abiatzeko asmoa du Zarauzko Udalak. «Orain arte kultur eragile bakoitzak bere aldetik jardun du lanean», adierazi du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Orain kultura antolaketa horri «buelta eman» eta eredu berri bat sortu nahi dute: askotariko kultur eragileek «modu bateratuan» lan egiteko Kultur Mahaia, hain zuzen.
Hori izango dute hizpide gaur aurrekontuak osatzeko prozesuaren barruan herriko kultur eragileekin egingo duten bileran. Kultura Sailaren aurrekontuen zirriborroa aurkezteaz gain, mahai horren funtzionamendua azalduko diete udal ordezkariek kultur eragileei. Era berean, horien ekarpenak jasoko dituzte bilera horretan. 18:30ean hasiko dute saioa, Etxezabalan.
Hiru azpibatzorde
Zarauzko Kultur Mahaiak hiru azpibatzorde izango ditu. Lehenbizikoa herriko eta auzoetako jaiez arduratuko da. Bigarrengoa, berriz, egitarauaz eta koordinazioaz. «Noizbait gertatu da bi ekitaldi ordu berean izatea Zarautzen. Hori saihesteko, egitarau koordinatua osatzea da azpibatzorde horren egitekoa». Hirugarren azpibatzordean kultur azpiegituren antolaketa eta funtzioa landuko dute, eta baita herriko ondarea eta erakusketak ere.
Azpibatzorde bakoitzeko pare bat ordezkari izendatuko dituzte gero urtean pare bat aldiz bilduko den mahai orokorrean parte hartu dezaten. Horiez gain, udal gobernuko ordezkariak, Kultura Batzordeko alderdi guztietako ordezkariak eta alor bakoitzeko—musika, literatura, artea, besteak beste— herritarrak bilduko ditu horrek.
Zarauzko Kultur Mahaia martxoa hasieran abiarazteko asmoa du udalak, otsaileko udalbatzarrean aurkeztu eta onartu ondoren.
Azken bilera, bihar
Bihar amaituko dute 2014ko aurrekontuak osatzeko pasa den hilean abiatu zuten parte hartze prozesua. Sailkako azken bilera izango da gaurkoa, eta bihar auzoz auzokako azken saioa egingo dute. Urtetako auzo elkartean egingo dute bilera hori landa guneetako bizilagunekin, 20:00etatik aurrera.
Bilerez gain, udalak beste bi bide jarri ditu herritarren eskura proposamenak egin ditzaten. Hain zuzen, zazpi postontzi kokatu ditu herriko hainbat puntutan, herritarrek idatziz egin ditzaten ekarpenak. Interesa dutenek Vista Alegreko zein Iñurritzako auzo elkartean, Azken Portuko kristau biltokian, udaletxean, kiroldegian, Sanz Enea liburutegian edo Maxi Eroski saltoki handian dauden gutunontzietan utzi ahalko dituzte proposamenak, idatziz.
Horrekin batera, sarean ere eman ahalko da iritzia,
zuzarautz.info webgunearen bidez,
Aurrekontuak 2014 dioen estekan klikatuz. Ostirala bitartean jasoko dituzte iritziak, postontzietan zein internet bidez.