Askatzeko beharrak lotu nahian

Aritz Mutiozabal 2014ko otsailaren 12a

"Aspaldi da Joseba Sarrionandiari Ez diren gauzak poema irakurri niola. Poemaren azken estrofan zera dio: Ez diren gauzak ere badira, bizitza ez diren gauzez ere osatzen delako. Lan hau absentzietatik presentzietara doan bidaia bezala aurkeztu dudanez, izenburuarekin jolas hori egin nahi izan dut. Falta diren gauzak daudelako, baina falta izan badira, momentu batean izan zirelako ere bada". Falta (ez) diren gauzak erakusketa zabaldu du Ainara Lasa Perez artista oiartzuarrak (ainaralasa.com) Zarauzko Torre Luzea aretoan, eta martxoaren 2a bitartean bisitatu ahal izango da. «Lan hau nire haurtzaroan bizitako absentzien eta presentzien inguruko istorioa da. Horiek nire baitan utzitako arrastoaren kontakizun txiki bat egin nahi izan dut». Hausnarketa propioak direla nabarmendu du sortzaileak, bere barrukoak. «Nire ama atxilotu eta nire aitak ihes egin zuen garai hartan galera eta hutsune hark utzitako arrastoa da, nirekin honaino etorri dena. Arrasto horrek oraindik ere barruak nahasten zizkidanez, honako ariketa hau egin nahi izan dut». «Hamabi gehi bat argazkik» osatzen dute erakusketa, eta argazki horietan hainbat hutsune biribil ageri dira, hariz estaliak. «Askatzeko beharra dudalako lotzen dut». Absentziak plastikoki sinbolizatzeko modua izan da: «Ulergarri egiten zuten lanaren ideia, eta ondorioz zuloak egin dizkiet argazkiei». Ondoren, zuloak hariz josi ditu, «absentzia horietatik osatzeko beharretik». Azken koadro batek ixten du erakusketa, «gehi bat» bezala aur­keztu duena. «Koadro horretara ekarrita daude, gainontzeko koadro guztietatik pilatutako absentzia horien presentziak. Hasieran ez nekien zer-nolako bolumena izango zuen azken lan horrek, baina azkenean koadrorik handiena presentziena da. Absentziak handiak izan baziren ere, presentziak dira nolabait gordeta geratu direnak eta leku gehien hartzen dutenak». Beste alde hori Argazkiak Hendaian ateratakoak dira, Lasaren bizitzako aldietako bat han kokatzen delako. «Argazkiak toki horretakoak bakarrik izan zitezkeen; izan ere, espetxekorik ez dut, eta nire bizitza sekretua nire egunerokoa baino ez da. Era berean, interesgarria egiten zitzaidan beste aldea esaten diogun hori lan honetara ekartzea, nire beste aldea erakutsi nahi izan dudalako». Argazkietan lekuak baino ez dira agertzen, inolako figura fisikorik gabe, eta lekuak ere oso gutxi dira. Hendaian bizitako txokoak hartu ditu irudietan. «Gure asteburuetako bizitza han izaten zen». Toki horiek lau zirela ohartu zen Lasa: muga, hondartza, fontroia eta etxea, hain zuzen. «Horrek ezkutuko bizitzaren giroa ematen dio. Ez nuen aldez aurretik pentsatu, baina istorioari bere tamaina eman dio». Pertsonak azaltzen ez badira ere, koadro guztietan soinekoak daude. «Kontatu nahi nuena adierazteko, Hendaiako irudiak eta zuloak ez zirela nahikoa konturatu nintzen. Hori horrela, soinekoen elementuak gehitzea interesgarria iruditu zitzaidan, badudalako absentzia sentitzen hasi nintzen garaian gorputza galdu nuenaren sentsazioa. Txikitan soinekoak gustuko nituen, eta pentsatu nuen polita izan zitekeela gorputz galera hori airean eta noraezean geratutako soinekoekin irudikatzea». Testu osagarriak Artelan bakoitza poema batez lagundu du. «Argazki bakoitzaren ondoan testu bat dagoen arren, ez zaio koadro bakoitzari lotzen. Lan hau testuetatik abiatu nuen. Aurretik testuok idatzi nituen, eta horiek hari bat bazutela konturatu nintzen. Plastikoki landu nituenean testuak ez jartzea pentsatu nuen, baina ezinbestekoak zirela ohartu nintzen. Istorioa modu zehatzago batean iradokitzea garrantzitsua zela. Erakusketaren osotasuna ulertzen laguntzen dute». Erakusketa abiapuntu izanda, liburu bat egiteko proposamena jaso du. Hala ere, ez ditu koadroetako argazkiak bere horretan argitalpenean bildu nahi: «Haratago joan nahi dut». Erreferentzi plastikoari eta teknikari dagokionez ageriko lotura izango du, baina beste buelta bat eman nahi die. «Apur bat destilatu, eta askoz ere muinerago jo nahi dut». Kartelean esku-pilotak erabili ditu, hain justu ere, aipatutako arrazoi horrexegatik. «Pilotaren larrua zabaldu dut, barruko haria askatu eta muinera iristeko. Askatze horretan, muin horretaraino iritsi nahiko nuke orain heldu diogun proiektu berri honetan». Pilotaz gain, frontoiak ere badu bere leku sinbolikoa. Nafarroako herri bateko frontoian Falta hitza  ikusi zuen, eta orduan konturatu zen hori izango zuela izenburua erakusketak. «Niretzat 1984ko ekainaren 15ean geratu zen jokoa. Ez ginen laura iritsi. Galdu nituen ama, aita, haurtzaroa... Sentipen hori dut, eta izan dut».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide