Oriaren XX. Traineru Jaitsieran 79 ontzik parte hartuko dute larunbatean

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 11

Oriaren XX. Jaitsiera aurkeztu dute gaur Orion (Egilea: Aiora Larrañaga) Oriaren XX. Traineru Jaitsiera jokatuko da larunbat arratsaldean Orion Arraun Egunaren barruan, eta antolatzaileak pozik daude, aurtengoak parte-hartzaileei dagokionez marka guztiak hautsi eta 79 ontzik hartuko dutelako parte kirol proban. Hogei urte igaro dira Orioko Arraun Elkarteak jaitsiera lehen aldiz antolatu zuenetik, eta urtez urte indarra hartzen joan da. «1995ean antolatu genuen lehen aldiz Oriaren jaitsiera. Ordura arte arraunketa olinpikoan egiten ziren mota horretako probak negu partean, baina tostako arraunketan jaitsiera antolatzen aitzindariak izan ginen», azaldu dute Orioko Arraun Elkarteko antolatzaileek. Urteak pasa ahala arraun elkarteen egutegian indarra hartzen joan da proba, eta egun talde askok negu parteko prestaketan gorriz markatuta izaten dute jaitsiera eguna. «Norbere taldea eta gainontzekoak zer mailatan dauden ezagutzeko proba erreferentea bihurtu da». Kantauri Itsasoko traineruez gain, mediterraneo aldetik ere etorriko dira taldeak. «Giro ederra» Orion Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza taldearentzat erronka da 79 ontzi hartuko dituen jaitsiera antolatzea. «Elkarlanaren bidez estropada hau tostako arraun munduan erreferente bihurtu da. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Orioko Udalari, Babyauto babesleari eta arraun elkartean boluntario lanean aritzen diren herritar guztiei», azaldu zuen atzo kirol probaren aurkezpenean Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak. Iritzi berekoa da Orioko alkate Beñat Solaberrieta ere: «Aurten hogei urte beteko dituen jaitsieraren atzean lan asko dago». Gainera, mota horretako kirol probak herriarentzat onuragarriak direla ere nabarmendu zuen: «Giro ederra sortzen dute herrian; horregatik, arraunzaleak larunbatean Oriora Arraun Egunera hurbiltzera animatu nahi ditut, arraun festa handia izango baitugu». EGITARAUA: Estropada arratsaldean izango bada ere, eguerdi partetik jai giroa izango da Orion Arraun Egunean. Hurrengoa da egitaraua. -Goiz eta arratsaldez, herriko txaranga ibiliko da kalez kale -12:00etan, gazte mailako arraunlarien aurkezpena -Ondoren, pintxo eta sagardo dastaketa -15:00etan, Gipuzkoako Mus Ligaren finala -16:00etan, Oriaren XX. Jaitsiera -Ondoren, sari banaketa herriko plazan -17:00etan, Danbolin Musika Eskolako ikasleen dantza emanaldia Karela Kiroldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide