Iñaki Eizagirreren kartelak irabazi zuen iazko lehiaketa. ZRT
Zarauzko XIV. Garagardo Azoka aitzakitzat hartuta, hori iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Zarautz Rugby Taldeak. 18 urtetik gorakoek aurkeztu ahalko dituzte euren diseinuak lehiaketara, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan egin ahalko ditu. Otsailaren 24tik 28ra aurkeztu beharko dira lanok, Zarautz Kirol Elkartearen bulegoan (Kale Nagusia, 7-1), astelehenetik ostegunera goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Ostiraletan, berriz, 08:30-14:00 bitartean egongo da zabalik bulego hori.
Lanek ez dute egilearen daturik agerian eramango. Kartelarekin batera, kartazal itxi batean, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta nortasun agiriaren fotokopia bidaliko dira. Kartazalaren kanpokaldean eta lanaren atzealdean lanaren izenburua jarri beharko da.
300 euroko saria
Estiloa zein teknika libreak izango direla jakinarazi dute, baina Zarauzko Garagardo Azokaren ingurukoa izan beharko du. Zentzu horretan honako oharra gehitu beharko zaio diseinuari: Zarauzko XIV. Garagardo Azoka 2014. Apirilaren 16tik 21era Munoan. Eguerdiko 12:00etatik gaueko 01:00etara . Horrez gain, azokan zerbitzatuko diren garagardoen logoak ere itsatsi beharko dira. Logo horiek www.garagardoazoka.info web orrian daude eskuragai, edo ZKEren bulegoetan, CD batean.
Neurriari dagokionez, Din A3 tamainukoak izan beharko dute kartelek, eta egileek bost zentimetroko tartea utzi beharko dute orriaren behekaldean antolakuntzak bere logoak jar ditzan.
Sari bakarra banatuko dute: 300 eurokoa. Horrez gain, azokako kartelak eta eskuorriak egiteko erabiliko dute irudi saritua.