Zarauzko udal ordezkariak denboraleak kaltetutako herritarrekin bildu da. (A.Ventas-Hitza)
Alerta egoeretarako protokoloa «buru-belarri» lantzen ari da Zarauzko udal gobernua. Segurtasun protokoloa egon badagoela argitu dute udal ordezkariek, baina pasa den igandekoa bezalako denboraleak direla-eta, hori zabaltzeko beharra dagoela. Halako kasuetan «lehen unetik» udaleko zerbitzu eta brigaden eta bestelako sorospen zerbitzuen arteko elkarlana doitu eta eraginkortasuna indartzeko asmoa du, hala.
Hilaren 2ko itsasaldiak kaltetutako herritarrekin bildu ziren udal ordezkariak ostiralean. Ordura arte udalak emandako pausoen berri eman zieten bertan, hots Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Gobernuko ordezkaritzarekin zein aseguru partzuengoarekin egindako bilerak, esaterako, eta herritarrek euren kezkak agertu zituzten.
Besteak beste, larrialdi egoeretarako bulego bat zabaltzeko proposatu zieten zenbait zarauztarrek udal ordezkariei, unean bertan kaltetuen beharrak asetu eta lanak koordinatu ahal izateko. Horrekin batera, itsas ingurua aztertu beharko litzatekeela gomendatu zuen kaltetu batek, itsasaldiak egoera txarrean dauden elementuak eraitsi eta horiek kalteak areagotu ditzaketelako. Udal ordezkariek kaltetu bakoitzaren egoeraren jarraipena egiteko konpromisoa hartu zuten. Ondorioak zehaztasunez ezagutu, eta bakoitzaren garapenaren arabera, etorkizunera begira hartu beharreko neurriak aztertzeko.