Edukiontzi bidezko bilketa sistema aukeratu beharko du Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 11

Zarauzko Hondakinen Mahaia (Argazkia: Zuzarautz) Amaitu da Zarauzko Hondakinen Mahaiaren ibilbidea, eta orain udalari dagokio udalerrira ondoen egokitzen den hondakinen bilketa sistema zein den erabakitzea. Udal gobernuak Hondakinen Mahaia antolatu zuen «hondakinen beste kudeaketa eredu arduratsuago batean, eta eztabaidan zein kontsentsuan sinesten duelako». Horren helburuak bi izan dira: birziklatzea bultzatzea batetik, eta hiri hondakinen gaikako bilketa tasa hobetzeko sisteman egin beharreko aldaketak adosteko «ahalik eta kohesio handiena» lortzea, bestetik. Udal gobernuak sistema zehatzik ez proposatzea adostu zuen, hori gainontzeko eragile eta udal taldeekin erabaki behar dela argudiatuz. Hala, ZHM Zarauzko Hondakinen Mahaian egindako bileretan hainbat proposamen egin dute parte-hartzaileek—alderdi politikoek, Zarautz Zero Zabor taldeak, Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformak, merkatariek, ostalariek, auzo elkarteek eta Arkamurka natur taldeak  hartu dute parte mahai horretan—, eta gehienek edukiontzietan oinarritutako sistemen alde egin dute. Batek izan ezik: Zarautz Zero Zabor taldeak atez ateko bilketa sistema proposatu zuen. Gehiengoaren proposamenak kontuan izanda, azken sistema hori alde batera utzi du ZHMk, eta edukiontzien aldeko apustua egin. Edukiontzi bidezko sistemak aldaera asko ditu, ordea: txip bidez funtzionatuko duten edukiontziak izan daitezke, bost ontzietan oinarritutako egungo sistemari Garbigunean jasotzen diren gailuak biltzeko beste edukiontzi bat gehitu dakioke, etab. Askotariko sistemen artean bat aukeratzea dagokio orain Zarauzko Udalari, eta horretarako hainbat alor izan beharko du kontuan: ekonomikoki zein teknikoki bideragarria izatea, esaterako. Zero Zabor, Mahaitik kanpo ZZZ Zarautz Zero Zaborrek ohar bidez salatu du ZHMk baztertu egin duela hondakinen kudeaketaren arazoak «konponbidean jartzeko gai den proposamen bakarra», atez ateko bilketa sistema alegia, eta abiapuntu bezala hartu duela «eraginkortasun eza soberan erakutsi duen» edukiontzien sistema. Hori dela eta, ZHMren prozesua «nolabaiteko iruzurra» dela nabarmendu du, «aldez aurretik atez ateko sistema baztertuta zegoenaren susmoa egiaztatuta geratu baita». Hori kontuan izanda, Hondakinen Mahaia uztea erabaki zuen taldeak urte hasieran. ZZZk adierazi duenez, hondakinak biltzeko askotariko sistemak jarri zituzten mahai gainean ZHMko parte-hartzaileek, baina ez ziren irizpideak finkatu ezta azterketa teknikoak egin ere. «Hor hasi ziren gauzak okertzen, akordioaren muina izan beharko lukeen oinarri teknikoa alboratu eta bestelako adostasun politikoa hobetsi zenean». Proposatutako eredu guztiak lan taldeetan baloratu ostean, atez atekoa «teknikoki zein ekonomikoki bideragarria» izateaz gain, sistema horrek  zehaztutako helburuak «epe laburrean» bermatuko lituzkeela «garbi» geratu zela ohartarazi dute. Baina ZHMk «inondik inora plazaratu ez diren arrazoiak medio», eurek proposatutako eredua «bazterrean utzi» zuela salatu dute, «batzuen erabaki politikoen ondorioz». «ZZZren egitekoa ez denez eztabaida politikoetan aritzea, erabaki politikoek, eta ez teknikoek, gidatutako ZHM bere horretan utzi du», azaldu dute. Oraingoz, udal gobernuak ez du gaiari buruz adierazpenik egin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide