Getarian Eskubide Sozialen karta osatzeko taldea.
Gizarte eredu berri bat oinarrian duen Euskal Herria posible dela uste dute hainbat herritarrek. Horretarako, erabakitzeko eskubidea herriari itzuli nahi diete, «nolako gizartea nahi dugu?» galdeginda. Ideia hori du oinarrian Euskal Herri mailan abiatu duten Eskubide Sozialen Karta egitasmoak, eta maila nazionalean sortu den zirriborroa herrietan aztertuko dute datozen asteetan. Getarian, esaterako, pasa den ostegunean egin zuten lehen bilera. LABeko kide Maite Subijanak azaldu duenez, «sindikatuetako kideak eta gaian interesa genuen herritarrak bildu ginen, eta hainbat bilera egin genituen». Eskubide Sozialen Kartak biltzen dituen gaiak aztertu, eta urtarrilaren azken astean getariarrei aurkeztu zioten egitasmoa.
Denera 28 lagun bildu ziren aurkezpen bileran. «Herriko eragileak nahiz norbanakoak etorri ziren hitzordura. Oso gustura gaude izan duen harrerarekin, espero genuena baino lagun gehiago azaldu baitzen batzarrera. Dena dela, jakin badakigu asko egitasmoa zer zen ezagutzeko asmoz hurbildu zirela bilerara». Orain urrats bat aurrera eman eta getariarren artean parte hartzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. «Getariarrek argi izan behar dute denon iritzia izango dela ongietorria prozesu parte-hartzailean, ez da gai batean aditua izan beharrik bileran parte hartzeko», azaldu du Subijanak.
Herriko gaiak
Euskal Herri mailako 47 eragilek pil-pilean dauden 12 gai oinarri hartuta Eskubide Sozialen Kartaren zirriborroa osatu dute, eta datozen asteetan herritarrek horien inguruan eztabaidatuko dute. «Egitasmo honekin herrian ditugun arazoak aztertuko ditugu, eta nola konpondu ditzakegun hausnartuko dugu. Txostenak gai asko aurkezten ditu, guk horietatik Getarian gehien interesatu daitezkeenak aukeratu ditugu eta horien inguruan ariko gara», zehaztu du Maite Subijanak: jatorri aniztasuna, lanaren banaketa, erabakitzeko eskubidea, eskubide ekonomikoak, osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen inguruko gaiak jorratuko dituzte. Hala ere, «aukeraketa malgua da, eta bileran beste gairen bat ateratzen bada, horren inguruan ere hausnartuko dugu».
Getarian egindako proposamenak, beste herrietan egindakoekin batera Euskal Herri mailako Eskubide Sozialen Karta osatzeko kontuan hartuko dira.
ESKUBIDE SOZIALEN KARTA OSATZEKO DEIALDIAK:
Getaria
- Otsailaren 11n, gaur, asteartea. 19:00etan, Alondegian eskubide sozialak izango dituzte hizpide.
- Otsailaren 13an, osteguna. 19:00etan, Alondegian erabakitzeko eskubideaz ariko dira.
Zumaia
- Otsailaren 12an, bihar, asteazkena. Zumaian, 19:00etan, Branka egoitzan bilduko dira Zumaiako Eskubide Sozialen Kartako kideak, eta elikadura burujabetza eta lanaren banaketa jorratuko dituzte.