Joxean Elortza zena, artxiboko irudi batean (O.L.A./Hitza)
Joxean Elortza zarauztarra hil zen larunbat gauean, 51 urterekin, bihotzekoak emanda. Elortzak boluntario lan asko egin zuen euskalgintzan eta kirol arloan, eta gizon "paregabea, umila eta langilea" izategatik gogoratzen dute berarekin elkarlanean aritzea tokatu izan zaienek.
Elortza Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeko irakaslea zen. 30 urte zeramatzan han lanean. Ikastetxeko zuzendari pedagogiko Joxean Etxabek HITZAri azaldu dionez, "oso inplikatua zen bere lanarekin eta ikasleekin. Hutsune handia utzi du Joxeanek ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Ikasle ohiek ere Elortzaren oroitzapen oso ona izan dute beti eta igandean beilatokira ikasle ohi ugari hurbildu ziren Joxeani azken agurra ematera".
Etxaberen esanetan "ixiliean lan asko" egin zuen Elortzak, "lan asko egiten zuen, baina ez zitzaion dominak jartzea gustatzen". Gainera, Elortzaren dedikazioa eskolako ateak gainditzen zituela nabarmendu dute Maria eta Jose Ikastetxeko kideek. "Oso gizon aktiboa zen. Zumaiako Euskara Aholku Batzordean parte hartzen zuen Maria eta Jose Ikastetxearen izenean eta larunbatero-larunbatero Zumaian izaten zen eskola kirolaren baitako partida eta txapelketetan ikasleak animatzen".
Zumaiako Euskara Aholku Batzordeak ere bat egin du familiak, lagunek eta ikastetxeko komunitate osoak sentitzen duten saminarekin. «Aste honetan elkartzekoak gara Euskararen Aholku Batzordean, eta sekula huts egiten ez zuena faltako zaigu ondoan; fina zen, horretan ere. Aulki hutsari triste begiratuko diogu, alferrik egongo gara zain. Bera zen taldeko beteranoena, 2004an hasi ginenetik jarraitzen zuena; batzordea umezurtz geratuko da aurrerantzean» azaldu dute.
Euskara Aholku Batzordeko kideen esanetan adi ibiltzen zen Elortza beste herrietan euskara arloan zer egiten zen zaintzen, «gero Zumaiarako proposamen interesgarriak ekartzeko. Zenbat ekarpen eta ideia haren aldetik, beti laguntzeko prest, nekaezin, umil, erlojuari begiratu gabe, neska-mutilen ondoan, euskararen alde».
Larunbat gauean ezbeharra
Larunbat gauean Zarauzko Arraun Elkarteko aurreko zuzendaritza taldeko kideen afarian gertatu zen ezbeharra. Edu Mugerza Zarauzko Arraun Elkarteko lehendakari ohiak azaldu duenez, "kolpe gogorra" izan da denentzat. Mugerzaren esanetan Joxean Elortza "babes eta laguntza handia" eskaini izan dio beti Zarauzko Arraun Elkarteari. "Langilea eta umila, hori zen Elortza eta hutsune handia utziko du". Zarautz Arraun Elkarteko beteranoen Badok Hamairu taldean ere eskua botatzen zuen Elortzak eta taldekideen asmoa larunbateko Orioko Jaitsieran "Elortzaren omenez arraunean egitea" da.
Pagoeta Mendizale Elkarteko kidea ere bazen Elortza. Mendizalea izan bazen ere, azken urtetan elkarteko aldizkarian buru-belarri murgilduta zebilen. "Aldizkaria sortu genuenetik parte hartu zuen proiektuan eta azkenaldian berak zeraman aldizkariaren ardura. Aste honetan bertan aldizkaria bukatzen ari ziren. Gure asmoa aldaketak egin eta hurrengo zenbakian Joxeani omenaldi txiki bat egitea da" azaldu dute Pagoeta Mendi Elkartetik.
Hileta elizkizunak gaur izango dira, Zarauzko parrokian, 19:00etan. Bere ikasle izandako Unai Manterola apaizak zuzenduko du meza. Joxean Elortzak parte hartzen zuen elkarteen asmoa hileta elizkizunean omenalditxo bat egitea da.