Lanbidez, irakasle eta psikopedagogoa da Joxe Amiama -Tolosa,1967-. Etxean, aldiz, bi seme-alaben aita da. Betebehar biak taxuz egitearen garrantziaz mintzatu zen atzo, otsailaren 6an, Aiako Herri Eskolan, guraso eta irakasle paperetik. Betiere, bi aldeak ondo bereiziz, eta argi utziz bien arteko harremana dela gakoa eta nahasketa, ordea, arazoa. Eskola eta gurasoen arteko harremana, beraz, heziketaren mugarria dela uste du. Honenbestez, elkarbizitza hori hobetzeko asmotan eman du hitzaldia.
Harremanak = hartu eta eman
Eskola eraginkor baten oinarrian aldagai asko daude, horien artean, familia. "Familiaren inplikazioa handia bada, umearen errendimendua handia izango da. Lotura bat dago, hortaz, familia eta eskolaren artean", azaltzen du Amiamak eta giltzaren metafora darabil juntura hori adierazteko "Eskolako giltzak boterea adierazten du. Etxean ere, giltza jasotzean, boterea jasotzen dugu. Eskolan irakasleak dira familiari ateak zabaltzeaz gain, lehen pauso hori eman behar dutenak. Bestela, beste baten etxera gonbidatu gisa joaten zarenean bezala izango da, ez zarela zure etxean sentitzen. Eta teorian, eskola irakasle nahiz irakasleena da, nahiz eta praktikan ez den hori ematen".
Lehen pausoa irakasleek eman beharrekoa da. Bigarrena, aldiz, gurasoek eman beharrekoa. Gurasoek lehendabizi jaso egin behar dute, eta ostean, eman. Eta hartu-eman horretan sortzen da eskola eta familiaren arteko harremana.
Onurak ikasle, irakasle eta gurasoentzat
Bi mundu ezberdin dira etxekoa eta eskolakoa. Etxean, aita-semeen artekoak dira harremanak; eskolan, irakasle eta gurasoen artekoak. Guraso nahiz irakasleek, biek, umearekin dute tratua. Honenbestez, onuragarria da guraso eta irakasleek harremana izatea, umearekiko jarrera aldatu egiten delako. "Oharkabean aldatzen da jokabidea bi munduak gerturatzen direnean, eta hori, mesedegarria da ikaslearentzat. Izan ere, emaitza hobeak lortzen ditu, autoestimu eta inplikazioa handiagoa dauka, eta pozik sentitzen da", azaltzen du Amiamak.
Bestalde, gurasoak irakaslearekin harremana badauka, seme-alabarengatik gauzak egiten ari denaren pertzepzioa dauka, hots, guraso bezala saiatzen ari dela sentitzen du. "Herrialde nordikoak adibide garbia dira. Gurasoak, bezeroak dira eta eskolatara joaten dira zer eskaintzen dieten jakitera. Horrez gain, familiak eskubidea dauka ikasgelara joateko, eta aukeratu duten zerbitzu hori kalitatez ematen den ala ez ebaluatzeko. Horrek, harremana edukitzea errazten du, eta irakasleak gehiago saiatzea dakar". Etxearen metafora ekarri du berriz, eta etxera gonbidatuak etortzearekin alderatu du. Sekula garbitu ez dugun hori ere garbitzen dugula dio, gehiago ahalegintzen garela.
Irakasleek auto-pertzepzio txarra dutela azpimarratu du psikopedagogoak. Pertzepzio negatiboa eduki arren, oro har, ondo baloratuta daudela gaineratu du eta harremana estutu ahala balorazioa hobetu egiten dela dio.
Bide ezberdinetatik helburu berdina
Guraso eta irakasleek bat egiten dute seme-alaba edota ikasle ideala definitzerako orduan. Biek ezaugarri berdinak aipatzen dituzte. Hortaz, hezitzaile bezala, etxean nahiz eskolan berdina lortzen saiatzen dira. "Seme-alaba ideala, hortaz, ikasle ideala izango da", laburbiltzen du Amiamak.
Mugak ezagutuz, mugak malgutuz
Ohi bezala, guztia ez da arrosa kolorekoa. Harreman estua izateak zailtasuna dakartza, esaterako, rolak nahastea. "Harremanen distantzia ongi markatzea derrigorrezkoa da, gertuegi badaude harreman fusionala bilakatuko baita eta funtzionala izateari utziko dio", azaltzen du.
Argi utzi behar dena, eskolan, irakasleek ikasleak dituztela da, eta ez seme-alabak. Familian, ordea, ez daudela ikasleak, baizik eta seme-alabak. Eskoletan harremana curriculumaren bitartez egiten da, eta familian, sentimenduen bidez. "Irakasleak eskolaz aldatzen badu, berarekin daramana karpeta da. Gurasoa, aldiz, kanpora badoa, berarekin seme-alabak eramango ditu", argitzen du Amiamak. Sistema ezberdinak dira, hortaz, irakasle bati ezin zaio guraso papera eskatu; eta alderantziz.
Pertsonak garen heinean, guztiak dauzkagu muga eta joera batzuk. Beste pertsonak gehiago ezagutzean mugak malguagoak bihurtzen dira, humanizatu egiten baitugu. Hortaz, eskola ere humanizatu egin behar dela irizten dio Amiamak.
Lehen lau elementu hezitzaile zeuden arren, egun, bi elementu hezitzaile daude: eskola eta familia. Eskolari bizkar gainean heziketaren zama ipintzen diogun arren, asko exijitzen diogun arren, eskolak haur batengan duen eragina %20 da. Bi aldeek umearen heziketa ona dute helburu, beraz, bien arteko harremana guztiz garrantzitsua da. Halaber, kontuan eduki beharrekoa da pertsonak garela; testuinguruaren arabera rol bat daukagula eta espazio bakoitzean sistema bat dagoela.