Youtuben bideoak ikusten zebiltzala konturatu ziren Akabo Bakea saioko aurkezleak, Julen Telleria eta Amaia Artetxe, talentu handiko euskal gazte asko zegoela. Kalitate horri heldu nahi izan diote, beraz, beraiek gidatzen duten Gaztea irratsaioan. "Talentu horiek ezagutu daitezen, Akabo Bakea talentuen erakusleiho izateko aukera ikusi genuen", azaldu du Telleriak.
Youtuben ez zuten Ane Erkizia aurkitu. Erkiziaren berri bere izeba baten bidez izan zuten, izan ere, Akabo Bakeako webgunean aukera ematen dute nahi duenak bideoa bat bidaltzeko datu pertsonalekin batera, eta Erkiziaren izebak hori egin zuen. Hori bai, ilobaren izenean. "Saskibaloiko partiduan nengoen, eta izebak deitu zidan bere lagunaren estudiora joateko esanez. Joan eta abesti bat grabatu nuen. Gazteara bidaliko zuela esan zidan, eta nik, baiezkoa eman nion", aitortu du Erkiziak. Izebak pauso hori eman zuelako izango da oriotarra, gaur, Akabo Bakea saioan.
Bi abesti, akustikoan
Musika munduan, aldiz, ez zen zoriz sartu. Bederatzi urterekin hasi zen kantuan, eta duela bi, gitarra bati lehen aldiz atera zion hotsa. Ordutik, beti alboan darama. "Gitarrak askok laguntzen dit. Grabatu genuen bideoan ere gitarra jo nuen, horrela erosoago sentitzen naiz eta", azaldu du.
"Jasotzen ditugun bideoak balekoak iruditzen bazaizkigu, talentu horri deitzen diogu eta gure estudiora etortzeko gonbita luzatzen diogu. Gurean akustiko txiki bat egiteko aukera dute, eta bide batez, elkarrizketa ere egin diegu", dio Telleriak. Erkiziak, hortaz, akustiko bat eskainiko du Gazteako estudiotik, gaur, gaueko 22:00etan. Bi abesti kantatuko ditu, bata ingelesetik euskaratua, eta bestea, euskaraz. "Urgatzi taldean euskaratu ditugu abestiak. Taldea aurten osatu dugu sei lagunek, eta gustura ari gara oso", kontatu du abeslariak eta gehitu du "taldean nahiz bakarka, bi eratara sentitzen naiz eroso".
Sei dira ere orain arte Akabo Talentua ekimenetik pasa diren gazteak. "Webgune bat sortu dute zeina talentu guztiei eskainia dagoen. Bertan galeria handi bat osatzen ari gara guretik pasatako guztiekin", kontatu du Telleriak. Erkiziak ere laster izango du txokoa webgunean. Gaur, gaueko 22:00etatik aurrera, zehazki.
Akabo Bakea eta gero, akabo?
Musika denbora pasa moduan ikusi eta sentitzen du Erkiziak, erlaxatzeko bide bezala. Ez du etorkizunean gehiegi pentsatzen, argi baitauka ez duela ezusteko txarrik edota ilusio-galtzerik eduki nahi. Hortaz, gauzak etorri bezala hartuko ditu oriotarrak.
Halaber, hedabideetan tokitxo bat izateak ezagutzera eramaten diola aitortu du, eta hori, baleko ikusten du. "Kantatzea gustatzen zait, eta horretarako aukerak baditut aprobetxatu egingo ditut, baina oraingoz afizio bat besterik ez da niretzat", dio Erkiziak eta gaineratzen du "kantatzea gozamena da niretzat, eta ez dut buruhauste bilakatzea nahi".
Erkiziaren talentuarekin gozatu nahi izanez gero, piztu irratia gaueko 22:00etan eta sinkronizatu Euskadi Gaztea.