EAJk kritikatu egin du udal gobernuaren kudeaketa. (Egilea: Aiora Larrañaga)
2013 urtea amaitu denean Getariako EAJ udal taldeak salatu du "Bilduk agindutako hainbat inbertsio eta adostutako akordioak ez dituela bete" eta galdegin du ea 2014ko aurrekontuan jasoko diren proiektuak betetzeko konpromisoa hartuko duen. "2013an egin behar ziren Aldamar parkearen itxitura edota Getariako Turismoa sustatzeko mahaiaren osaketa berria eta ez dira bete. Hitz hutsetan eta paperean idatzita geratu dira". Ildo horretan, gizartea bizitzen ari den krisi ekonomikoa ezagututa eta Getariak turismo arloan duen erakargarritasuna jakinda, hori sustatzeko "ezer ez egitea" kritikatu du.
2013ko inbertsioei dagokionean EAJko ordezkariek gogorarazi dute Getariako Udalak ez dituela lortu alkateak agindu zituen 710.000 euroak. "Alkateak defendatu zuen 710.000 euro eskuratuko zituela garajeen salmentatik inbertsioetara bideratzeko eta horrela ez balitz inbertsioetarako behar zen kopurua kreditu bidez lortuko zuela. Getariarron zoritxarrerako Getariak ez du diru hori inbertsioetarako".
Amaitzeko, Getariako EAJren iritziz kudeaketa egoki bat izateko "akordio zabalak lortzea" ezinbestekoa da. "Horretarako prest gaude zinegotzi jeltzaleak, baina ezinbestekoa deritzogu aurrekontuetan betetzen diren proiektuak betetzea. Getariako bozeramaile Andoni Aristiren esanetan, "beti pentsatu dugu kudeaketa sinesgarri eta garden baten ikurra izan behar duela hartutako konpromisoei aurre egitea. Hori eskatzen diogu Bilduren esku dagien udal gobernuari". Gainera, hauteskunde kanpainan getariarrei agindutako konpromisoak zergatik bete ez diren argitzeko eskatu diote Getariako Udal Gobernuari.